LEHEN SOROSPENEI BURUZKO TAILERRAK EUSKALTEGIETAN

DYA Gipuzkoak emango ditu saioak, otsailaren 14tik 23ra bitartean, Oarsoaldeko 6 euskaltegietan.

Bihotz-birikek suspertzeaz eta lehen sorospenei buruzko oinarrizko jakingarriak irakatsiko dizkiete Gipuzkoako DYAko kideek Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleei datozen bi asteetan. “Lehen sorospenak” izeneko tailerrak emango dituzte, otsailaren 14tik 23ra bitartean, Oarsoaldeko 6 euskaltegietan.
 

Egitasmoa hasi zenetik, 2012ko urrian, 53 tailer eskaini dira, ikasturtero sei gai jorratzen dira Oarsoaldeko Euskara Batzordearen Mintzagun egitasmoko tailerretan. Gai bakoitzarekin tailer bana egiten da eskualdeko sei euskaltegietan. Ordu eta erdiko iraupena izan ohi dute saioek eta horien helburua gai erakargarri, berri eta gaurkotasunekoak euskaraz eskaintzea da. Edozein gai euskaraz jorra daitekeela eta ikasleak ulertzeko gai direla ohartaraztea da. Oraingo honetan gainera, norbere zaintza eta besteen zaintzaren garrantziaz jabetuta, bihotz-biriken suspertzeaz eta lehen sorospenei buruzko oinarrizko jakingarriak ikasiko dituzte. 

Ekimenean parte hartuko duten Oarsoaldeko Euskaltegien zerrenda honakoa da:

  • 2023-2-14: (Errenteriako Udal Euskaltegia)
    Ordua: 10:00 - 11:30
  • 2023-2-20: Oroitzene AEK (Lezo)
    Ordua: 10:00 - 11:30
  • 2023-2-21: Txirrita AEK (Pasai Antxo)
    Ordua:  10:00 - 11:30
  • 2023-2-22: (Pasaiako Udal Euskaltegia)
    Ordua: 10:00 - 11:30
  • 2023-2-23: Intxixu AEK (Oiartzun)
    Ordua: 10:00 - 11:30
  • 2023-2-28: Xenpelar AEK (Errenteria)
    Ordua: 10:00 - 11:30