LEZOKO MEMORIA EZKUTUA: JAIZKIBELGO BARRAKOIETARA IBILALDIA

Batzuetan, paisaiak ezkutuan gordetzen ditu begi hutsez ikusten ez diren istorioak. Hori gertatzen da Lezon. Herrigunetik oso gertu, Jaizkibelen magalean, oraindik ikus daiteke Oarsoaldeko eta Behe Bidasoko bortxazko 13 lan-kanpamenduetatik, egun, zutik geratzen den bakarra. Barrakoi horiek 1939an eraiki zituzten, Jaizkibel mendiko errepidea eraikitzen ari ziren gerra presoak bertan babesteko.

Gerra betean, ehunka Kontzentrazio-esparrutan pilatzen ziren presoen kopurua etengabe hazten ari zenean sortu zituen Franco diktadoreak Langileen Batailoiak. Bortxazko lanak eginez garaituen eskulana esplotatu asmoz sortutakoak eta aldi berean, etsai politikoak zigortzeko eta umiliatzeko baliatu zituen, indarkeria, gosea eta tratu iraingarria sistematikoki erabiliz.

Guztira, hiru urte eta erdian, 5.000 preso inguru pasa ziren Jaizkibel mendiko errepidea egiteko Lezon egin zituzten hiru kanpamenduetatik.

Etxetxo – Lezoko Memoria Historikoaren Elkartearen lanari esker, gaur egun ibilbide hori egin eta gertatutakoa ezagutu daiteke. Ibilaldi laburra da, naturaz inguratua eta memoriaz beterikoa, eta Sorotxo eta Iparragirre inguruetara garamatza.

Egun aurri egoeran dagoen Iparragirre baserriaren  lurretan zeuden presoen bizileku izandako barrakoiak. Bertan ikus daitezke barrakoien aztarnak, presoen eguneroko bizimodua nolakoa zen gogorarazten dutenak. Barrakoi haiek sukaldea, kantina, letrinak, lo-lekuak eta aska zeuzkaten.

Inguruan zaintza garita zaharra ere ikus daiteke (gaur egun etxola pribatu bihurtua), eta baita memoriaren basoa ere, han sufritu zutenen oroimenez 700 zuhaitz autoktono baino gehiago landatu direlarik bertan.

Bidean jarraituta, oso gertu dagoen Sorotxoko gunea ikusiko dugu. Han, Lezora iritsi ziren lehen presoek, barrakoiak eraiki aurretik, aire librean lo egin behar izan zuten. Horretarako, hotzetik nahiz euritik babesteko, lo-zuloak egin zituzten lurzoruan, mantez, zuhaitz adaskez, iratzez edota obra-hondakinez estalita. Egun oraindik kontserbatzen diren 86 zulo inguru ikus daitezke bertan. Lurrean zulatutako neurri ezberdinetakoak dira, Gehienak 2 eta 4 pertsona etzanik kabitzeko modukoak dira, baina badira handiagoak ere.

Bortxazko langile haiek, lanaldi fisiko nekagarri luzeen ondoren, ia arroparik gabe eta gosez eta elikagairik gabe, sarri putzu-zulo hezeetan lo egin behar izaten zuten, eta elkarren ondoan pilatzen ziren lankideen beroari esker hotzetik babestu ahal izateko.

Egoera hartan, asko gaixotu egin ziren eta larri eraman behar izan zituzten ospitalera. Hala eta guztiz ere, baldintza gogor horiek hainbat hilabetez jasan behar izan zituzten. Azkenik, gaixotasun ugarik eragindako bajen ondorioz, eta negu betean jada, aginte militarrek Iparragirreko kanpamendua eraiki zezaten agindu zuten.

Informazio gehiago sakondu nahi duenak Lezoko Memoria Historikoa jasotzen duen webgunea ere kontsultatu dezake, Etxetxo elkarteak, Aranzadik eta Lezoko udalak elkarlanean sortutakoa:

Bertan, 1936 eta 1978 urteen artean errepresio frankista jasan zuten pertsonen biografiak eta historiak jasotzen dituzte, bai eta bestelako testigantzak, dokumentuak eta datuak. Ibilbide honetan bisitatzen diren gune hauen testuinguru zabalagoa emateko lagungarria da webgunea. 

Ez da mendi-ibilaldi arrunt bat. Paseo honek gogorarazten digu nor izan ziren hemen, nola bizi izan ziren eta zein arrasto utzi zuten. Gudan garaituak izan eta esklabu-lanak egiten aritutako trabajadoreei eskainitako omenaldi txiki bat da. Bideak ordubete inguru irauten du, joan-etorria Gurutze Santuaren plazatik hasita.

Zailtasun maila: ertain-baxua. Oinetako erosoak eramatea gomendatzen da, baita ingurunea eta aztarnak errespetatzea ere.

Informazio gehiago: 943 494 521 | turismoa@oarsoaldea.eus