MARTA NAZABAL-I ELKARRIZKETA (KUTIXAO BELAR-DENDA)

“Berdin da zein beldur diren, emakume zaren aldetik dituzun beldurrak edo proiektuaren tamainak sortzen dizkizunak. Arnasa hartu, eta aurrera, ziur aski gai zarelako”.

Oarsoaldetik, martxoaren 8a emakumearen nazioarteko eguna izanik, Marta Nazabal gazte ekintzailearen historia ezagutu nahi izan dugu. Orain dela hilabete gutxi ireki zuen bere proiektu pertsonala, KUTIXAO elikadura ekologikoko denda (Aialde kalea, 1, OIARTZUN).

Marta, aurkeztu zure negozioa. Zer da Kutixao?

Kutixao nire proiektu pertsonala da, non elikadura osasuntsua sustatu nahi dudan, medikamentu eta osagarri naturalekin batera. Nolabait ere, aspalditik nire egunerokoa izan den zerbait lan bihurtu nahi dut, eta Oiartzungo herrira eraman.

 

Nolakoa da zure egunerokoa Kutixaon?

Hasieran ez nekien nondik hasi ere. Kutxak eta kutxak, hau falta da, hau eskatu dut eta ez dut aurkitzen... baina orain zerbait lasaiago. Egunerokoa jendeari arreta emanez pasatzen dut, eskaerak eginez, falta diren gauzak birjarriz, kutxa kontrolatuz. Gauza asko hartu behar dira kontuan horrelako negozio bat eramatean, eta hori egiteko gai naizela sentitzea bada zerbait harro sentitzeko.

 

Zerk bultzatu zaitu Kutixao bezalako proiektu bati ekitera?

Beti izan naiz pertsona bat argi ez zuena zer ikasi edo zertan aritu nahi zuen. Lana gustatzen zait eta egunerokotasunetik ikastea. Taberna batean lan egiten nuen zerbitzari gisa, eta gustatzen zitzaidan, baina ez nuen hori bizitza osorako zerbait bezala ikusten. Oiartzunen horrelako zerbait behar zela ikusi nuen, elikadura ekologikoarekin lotuta. Gai honetaz pixka bat dakidanez, nire buruari esan nion, zergatik ez? Batzuek esaten zidaten: baina zer egiten duzu, erotuta zaude! Hala ere, bideragarri izan zitekeela ikusten nuen. Beraz, buelta batzuk eman eta abiatu egin nintzen. Sentitzen nuen proiektu hau, epe luzera, herriaren parte izan zitekeela eta jendeak ezagutu zezakeela.

 

Nolakoa izan zen inaugurazio eguna?

Poz izugarria. DJ lagun bat izan genuen, janari pixka bat jarri genuen. Jendeak ideia begi onez hartzen zuela ikustea, animo horiek ematea, energia hori... Itzela izan zen. Inaugurazioaren ondoren, zure buruari galdetzen diozu, ea ez den inor etorriko... Beti duzu beldur hori. Azken finean, beldurra diruak eragiten du, zalantza hori duzu, ea zure negozioa aurrera ateratzeko gai ote zaren.

 

Zer neurritan lagundu dizu Oarsoaldea Garapen Agentziak?

Asko lagundu didate. Normalean, jendea ez da prestatzen, ez du prestakuntzarik jasotzen denda bat irekitzeko. Kontabilitateari eta finantzaketari buruzko gaiak ikasi ahal izan ditut, aurrekontuak egin ahal izan ditut, sarrerak, gastuak, BEZaren kudeaketa… eta egunean zehar modu antolatuan eraman beharreko gauza asko bideratu ahal izan ditut. Ideia bat nuen, baina errentagarri bihurtu behar zen. Ez nuen benetan horrelako babesik espero.

 

Emakume gazte eta ekintzailea zara. Asko esan dizute?

Ez, egia esan, ez. Komentarioren bat bai jaso dudala, baina ez emakume gaztea izateagatik hau egiteko gai izango ez nintzenaren estilokoa, baizik eta zu zeu bakarrik horrelako zerbait egitera ausartzeagatik miresmena zuri aditzera emanez.

 

Zer aholku emango zenioke zuk bezala ekiteko asmoa duen emakume bati?

Beldur izan arren, berdin da beldurrak edozein direla ere, emakume gisa dituzun beldurrak, edo sartuta zauden proiektuaren tamainak sortzen dizkizunak. Zerbait egiten ari zarenean eta sentitzen duzunean... eta orain beste hau egin behar dut? Bada, ez dut egingo, lana baitakarkit. Egon zaitez ondo pentsatzen egun batez, lasai, arnasa hartu, arnasa hartu, eta aurrera, ziur egin dezakezula.

 

Nori eman nahi dizkiozu eskerrak?

Nire inguruan babestu nauen jende guztiari. Lagunak, familiakoak, baina batez ere amari. Berak eman dizkit honen guztiaren oinarriak, berak irakatsi zigun niri eta nebari mundu honi buruz. Batez ere berari eskertu nahi nioke. Bestela, ez nuke hau guztia egingo.

 

Nola ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Hemen ikusi nahi nuke neure burua, nire ile zuriarekin, etorkizunean mahai horren atzean lanean. Gustatuko litzaidake horrela izatea. Jendea dagoeneko ezagututa, gauza gehiago jakinez, hobeto aholkatuz, egindako lanarengatik pozik sentituz eta herri honetako partaide izanez.

 

Kutixao