UDA HONETAN, GOZATU ITSASOAZ PASAIAKO BADIAN
Eguzkiaren eta beroaren etorrerarekin, gehien gustatzen zaigun gauzetako bat itsasoan freskatzea da.

Pasaiako badiaren ezaugarriak ezin hobeak dira itsas jarduerak egiteko, ur bareengatik eta baita inguratzen duen paisaiagatik. Eta Pasaian gustu guztietarako ur-jarduera ugari aurkituko dituzu, kitzikagarrienetatik hasi eta erlaxagarrienetaraino. Zure denbora libreari ahalik eta etekin handiena nola atera erakutsiko dizugu, bertatik bertara.
Paddle surfa. Pasaiako badian praktikatzeko ezin hobea den kirol honek gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Taularik ez baduzu bat alokatu dezakezu Pasai Donibaneko kirol gunean. Bertan, ibilbide gomendagarrienak zeintzuk diren jakinaraziko dizute gainera.
Piragua. Pasai Donibaneko kirol guneak piraguak alokatzeko zerbitzua ere eskaintzen du, badian modu dibertigarrian nabigatu dezazun. Banakako piragua edo piragua bikoitza aukeratu dezakezu. Gainera, nahiago baduzu, hastapen-ikastaro bat edo 90 minutuko irteera gidatu bat egin dezakezu Pasaia Kayaken eskutik.
Belaontzi klasiko batean nabigatzea. Ostarte Sailing enpresak gure kostaldean egurrezko belaontzi klasiko batean nabigatzeko aukera ematen dizu. Tripulatutako ontzien alokairua eskaintzen dute, bezero bakoitzaren beharretara egokituta, jolas zein prestakuntza nabigazioko esperientziak diseinatuz.
Itsas txangoak. Eramaten utzita gozatzen baduzu, Orybai tours, Brai Kantauri, SM Itsaso eta Itxaszerbi enpresek eskaintzen dituzten itsasontzi-irteeretako bat aukeratu dezakezu. Jarduera ugarirekin antolatutako ibilaldiak dira, arrantza-irteerak, bisita gidatuak, ilunabarrak eta afariak, snorkela, zetazeoak begiztatzea, besteak beste.
Ontzi-pribatu alokairua, patroiarekin edo patroirik gabe. Zure kasa nabigatzea gustatzen bazaizu, SM Itsaso enpresak aisialdirako ontziak alokatzeko aukera ematen dizu baita ere, gehien gustatzen zaizun jarduera egiteko.
Urpekaritza irteerak. Buceo Donostiaren eskutik Pasaiako badian maila guztietarako urpekaritza irteerak egin ditzakezu eta baita zure bataio ziurtagiria lortu ere. Orografia bereziko kostaldeko tarte honetan hainbat urperatze egin daitezke ontzi-hondarrak, aingurak edo kanoiak bezalako aztarna arkeologikoak ikusteko.
MATER Ontzi Museo Ekoaktiboaren eskutik familientzako jarduerak. Irteerak Jaizkibelgo itsaslabarretara, ilunabarrak itsasoan, zetazeoak begiztatzea edo itsas hondakinen arrantzatzea dira MATERek uda honetarako antolatuko dituen jardueretako batzuk, itsasontzi museo ekoaktiboan bisita gidatuak egiteaz gain. Zurezko atunontzi tradizional honek, bere historia eta ingurunea ezagutarazteaz gain, itsasoaren zaintza zein garrantzitsua den erakusten digu.
Donostia-Albaola itsas bidaia, Faktoriara bisita barne. Igandero itsas bidaia egin dezakezu Ciudad de San Sebastián katamaran mitikoan Donostiatik Pasaiara, Albaola Itsas Kultur Faktoriako sarrera barne. Goizeko 10:00etan irteten da Donostiako portutik, eta ordubeteko itsas bidaiaren ondoren, Albaolako ontziralekura iristen da. Gainera, jarduera alderantziz egiteko aukera ere badago: lehenengo Albaolan bisita egin eta 11:00etan katamaranean Pasaiatik Donostiara bidaia egin.
Informazio gehiago
943 341 556
Facebook | Twitter | Instagram