Agustinak Zentroak eta Musika Bulegoak lankidetza hitzarmena sinatu dute musikaren aldeko apustua sendotzeko

Argazkian ezkerretik eskubira: Maddi Arana [Musika Bulegoa], Aizpea Otaegi [Oarsoaldea garapen agentziaren presidentea], Esti Susperregi [Agustinak Zentroko kudeatzailea]

 

Musika, pertsonok hitz egiten hasi aurretik sentitzen dugun adierazpide sakona da. Jaiotzetik bertatik, naturak gorputza mugiaraztera bultzatzen gaitu, eta musika da bide zuzenena horretarako. Ongizate pertsonalerako, sormenerako eta gizarte kohesiorako ezinbesteko tresna da, eta horregatik da hain garrantzitsua musika sustatzea eta zaintzea, kalitatezko egiturak eta laguntza-sistemak eskainiz.
 
Agustinak Zentroak kultura- eta sormen-industrietako eragile estrategikoekin lankidetza harremanak sendotzen jarraitzen du. Oraingoan, Musika Bulegoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez, euskal musikaren sektoreari lotutako profesionalizazioa, berrikuntza eta garapen sozioekonomikoa bultzatu nahi da. 


Sinaduraren protagonistak izan dira Aizpea Otaegi, Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidentea, Agustinak Zentroaren izenean, eta Maddi Arana, Musika Bulegoaren presidente gisa. 

 

Lankidetza estrategikoa 


Musika Bulegoaren eta Agustinak Zentroaren arteko hitzarmena urrats garrantzitsua da kultura- eta sormen-ekosistema sendo eta konektatua eraikitzeko. Bi erakundeek elkarrekin lan egingo dute ekintzailetza, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko, eskualdearen eta lurraldearen garapen sozioekonomikoari laguntzeko. 
 

Jarduera-programa 

Bi erakundeen arteko lankidetza esparru berriak irekiko ditu, musika proiektuei aholkularitza eta tutoretza eskainiz, eta Agustinak Zentroan ekintzailetzako inkubazio eta azelerazio programa berezi bat martxan jartzea bultzatuz. Musika bulegoaren jarduera batzuk ere, hala nola, tailerrak, ekitaldian, topaketak eta formakuntza programak Agustinak Zentroan garatuko dira, eta honek, jarduera horiek komunitate zabalago bati irekitzeko aukera eskainiko du eta haien parte-hartzea sustatzea, sektorearen profesionalizazioari laguntzeko, trebetasun teknikoak eta enpresarialak garatzeko eta sare profesionalen sorrera errazteko.


Bestalde, mugaz gaindiko programetan lankidetzan aritzea aurreikusten da, eta interes komuneko arloetan lankidetza aukerak identifikatu eta proiektu berriak definitzeko lan egingo da.


Hitzarmen berri honek, Agustinak Zentroa eta Musika Bulegoa eskutik hartuta, musikaren aldeko apustu sendoa erakusten du: sormenari, ekintzari eta ongizateari espazio duina eta etorkizunerako babesa eskaintzea.

Musika Bulegoa 

agustinak zentroa

Musika Bulegoa euskal musika sektoreko irabazi asmorik gabeko profesionalen eta eragileen elkartea da. 2015ean sortutako ekimena da eta bere xedea da Euskal Herrian sortutako eta ekoitzitako musikaren presentzia soziala balioestea eta indartzea da, sektorearen profesionalizazioa sustatuz eta kalitate artistikoa eta bere eragileen jarduera indartuz.

Agustinak Zentroa 

musika bulegoa

Agustinak Zentroa, berriki inauguratutako espazioa da, 2024ko ekainean, kultura- eta sormen-industrian (KSI) espezializatua. Espazio ireki eta dinamikoa da, proiektu berriak garatu, abian daudenak sendotu eta sareak sortzeko helburuarekin. Ekintzailetza, garapena eta prestakuntza ardatz dituen eskaintzaren bidez, KSI sektorearen lehiakortasuna eta profesionalizazioa indartu nahi ditu. 

Informazio gehiago 

Musika Bulegoa:

musikabulegoa.eus | info@musikabulegoa.eus | www.musikabulegoa.eus

Agustinak Zentroa:

agustinakzentroa@oarsoaldea.eus | 943 518 404  | www.agustinakzentroa.eus