Aste Santua Oarsoaldean: denetarik topatuko duzu HEMEN
Aste Santu honetan, Oarsoaldeak badu zer kontatu eta zer eskaini: meategien sakonetik itsasoaren zabaleraino, HEMEN denetarik topatuko duzu udaberriko oporraldiaz gozatzeko.
Errenterian, San Marko Gotorlekuak ateak zabalduko ditu berriro, gure inguruko begiratokirik onenaz gozatzeko aukera emanez. Aste Santuko jai egunetan eta asteburuetan egongo da zabalik.
Fanderiako Errota ere bisitatu ahal izango da egun horietan (apirilak 2, 3, 5, 11 eta 12). Gainera, familia-plan bereziak antolatu dira: Oiartzun ibaiaren emarietara mendi-irteera (apirilak 4) eta altxorraren bila jolasa (apirilak 11).
Kultura eskaintza borobiltzeko, Jantziaren Zentroan “Donazioak” erakusketa berria egongo da ikusgai martxoaren 28tik aurrera.
Pasaiako badian, itsas-ondarea izango da protagonista nagusia. MATER ontzi-museoak irteerak egingo ditu Jaizkibelgo itsaslabarretara eta itsas hondakinak biltzeko saio ekoaktiboak eskainiko ditu.
Albaola Itsas Kultur Faktoria ere bisitatu ahal izango da egun hauetan. Izan ere, San Juan baleontziaren eraikuntza amaitu ondoren, ekimen berri batean murgildu dira: bisitariek Ozentziyo atunontzi tradizionalaren zaharberritze lanak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute orain.
Azkenik, Ostiral Santu arratsaldean, Pasai Donibaneko Lur ematearen prozesioak giro magikoa sortuko du berriro herriko kale eta tuneletan zehar.
Badiaren ertzean, Lezok bere hirigune historikoaren xarma eta Jaizkibel mendiaren natura eskaintzen dizkio bisitariari. Herri-giroaz gozatzeaz gain, memoria historikoan murgiltzeko aukera paregabea dago Jaizkibelgo barrakoien ibilbidearen bidez. Mendi-bide erraz honetan, naturaz gozatzeaz gain, gure iraganeko aztarnak ezagutu daitezke.
Gainera, alde zaharraren arkitektura bitxiak eta bertako kaleen lasaitasunak plan borobila osatzen dute natura eta ondarea eskutik joatea nahi dutenentzat.
Oiartzunen, Arditurriko meategia egunero bisitatu ahal izango da (apirilaren 7an izan ezik), eta haurrentzat mineral-bilaketa zein orientazio-jolasak egongo dira. Bertara iristeko modu aparta Arditurriko Bide Berdea da. Ibilbidean zehar, informazio praktikoa eta etxeko txikienentzako jolas interaktiboak eskaintzen dituen APPa erabili daiteke. Bisita antolatzeko xehetasun guztiak eta sarreren salmenta www.arditurribideberdea.eus webgunean daude eskuragarri.
Geologia zaleek ere hitzordu berezia dute Luberri Ikasgune Geologikoan, apirilaren 8an eta 10ean ospatuko diren tailerrekin. Bertan, harrien eta fosilen mundu liluragarrian murgilduko dira modu praktikoan.
Gainera, Arizmendienea etxe-museoan kokatutako turismo bulegoa zabalik egongo da bisitariak hartzeko eta jauregi-etxe hau barrutik ezagutzeko bisita gidatuak eskaintzeko.
Azkenik, gure herri-musikaren sustraiak ezagutu nahi dituenak, Soinuenea-Herri Musikaren Txokoan du ezinbesteko hitzordua, gure soinu-ondarea gordetzen duen altxor hurbila baita.
Ez geratu planik gabe Aste Santu honetan. Begiratu agenda osoa www.oarsoaldeaturismoa.eus webgunean edo galdetu gure turismo bulegoetan; bertan daukazu behar duzun informazio guztia.
ASTE SANTUA ETA PAZKO ASTEA
Martxoak 28
10:00: Itsas hondakinen arrantza, MATER (Pasaia).
16:00: Jaizkibelgo itsaslabarrak, MATER (Pasaia).
Martxoak 29
11:00: Itsas hondakin bilketa Alabortzan, MATER (Pasaia).
Apirilak 1
10:00: Mikroekosistemen tailerra, MATER (Pasaia).
Apirilak 2
10:00: San Marko Gotorlekuaren irekiera (Errenteria).
10:30: Fanderiako errotaren irekiera.
11:00 eta 13:00: Jaizkibel itsaslabarrak. MATER (Pasaia).
Apirilak 3
10:00: Mineralen bila, Arditurri (Oiartzun).
10:30: Fanderiako errotaren irekiera.
Itsas bisita gidatua eta hamaiketakoa, "Euskadi Turismo de Novela" (Pasaia).
20:30: Lur ematearen prozesioa (Pasai Donibane).
Apirilak 4
10:30: Oiartzun ibaiko emarietatik mendi buelta, Fanderiatik (Errenteria).
11:00 eta 13:00: Jaizkibel itsaslabarrak. MATER (Pasaia).
Apirilak 5
10:30: Fanderiako errotaren irekiera (Errenteria).
11:00 eta 13:00: Jaizkibelgo itsaslabarrak. MATER (Pasaia).
Orientazio jolasa, Arditurri (Oiartzun).
Apirilak 8
11:00: Mineralen tailerra, Luberri (Oiartzun).
Apirilak 10
11:00: Fosilen tailerra, Luberri (Oiartzun).
Apirilak 11
10:30: Altxorraren bila, Fanderia (Errenteria).
11:30: Fanderiako errotaren irekiera (Errenteria).
Apirilak 12
10:30: Fanderiako errotaren irekiera (Errenteria).
Itsas bisita gidatua eta hamaiketakoa Pasaian, "Euskadi Turismo de Novela" (Pasaia).
OARSOALDEKO TURISMO BULEGOA
Madalen kalea 3, Errenteria
943 494 521
turismoa@oarsoaldea.eus
Aste Santuan, ez joan urrutira: HEMEN daukazu dena.