Berrabiatu Industria Foro Teknikoak azpimarratu du premiazkoa dela belaunaldien arteko erreleboa planifikatzea, Oarsoaldeko industria-sarearen etorkizuna bermatzeko
Agustinak Zentroak Berrabiatu Industria Foro Teknikoa hartu du gaur goizean, etorkizunean jabetzan eta/edo kudeaketan ondorengotza-prozesuei aurre egin edo helduko dieten enpresei zuzendutako topaketa.
Oarsoaldeak antolatuta, ekitaldiak hainbat enpresa eta erakundeetako ordezkari bildu ditu, hala nola Maite Salustiano, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko zerbitzuburua, Berrabiatu Industria programa diruz laguntzen duen erakundea. Foroaren helburua erronka estrategiko hori aztertzea eta erakundeei trantsizio eraginkor baterako tresnak ematea izan da.
Jardunaldia Aizpea Otaegi Errenteriako alkate eta Oarsoaldeko presidenteak inauguratu du, eta belaunaldien arteko erreleboak gure enpresa-ehunaren jarraitutasuna, lurralde-sustraitzea eta lehiakortasuna lortzeko duen garrantzia azpimarratu du.
Eskualdeko diagnostikoa
Eskualdeko 30 enpresen artean egindako diagnostiko baten ondorioak aurkeztu dira, eta datu esanguratsuak eman dira:
Diagnostikatutako enpresen % 61ek adierazi du datozen urteetan erreleboa behar duela jabetzan eta/edo kudeaketan, eta mikro-enpresek eta enpresa txikiek dute premia handiena.
Enpresa horien bi herenek bost urte baino gutxiagoko epean beharko dute txanda hori.
Premia hori izan arren, gehienek ez dute kanpoko laguntzarik prozesua planifikatzeko, eta hori arriskutsua izan daiteke prozesuarekin jarraitzeko.
Alternatiba estrategikoak eta lege- eta zerga-esparrua
Foroak oinordetzari ekiteko aukera ezberdinetan sakondu du. OPE AHOLKULARITZAKO Iñaki Garagorrik bide estrategikoak azaldu ditu, kudeaketan, gobernuan eta jabetzan ondorengotza bereizita. Garagorrik azpimarratu du oinordekotza ez dela gertaera puntual bat, baizik eta behar besteko aurrerapenaz planifikatzea eskatzen duen prozesu bat, eta familia-jarraipenerako, hirugarrenei saltzeko edo langileei eskualdatzeko aukerak zerrendatu ditu.
Bestalde, ARPA ABOGADOS elkarteko Sonia Olóriz -ek alternatiba bakoitzari datxezkion gako fiskalak eta legalak aletu ditu. Bere esku-hartzea sozietate-egitura desberdinen inplikazioetan, partaidetzen transmisioan eta zerga-betebeharretan zentratu da, arau-konplexutasuna nabigatzeko ibilbide-orri praktiko bat eskainiz.
Elkarrizketarako eta networkingerako espazio bat
Hitzaldien ondoren, erronka horri aurre egin behar dioten eskualdeko enpresekin elkarrizketa ireki da, esperientzia errealen eta kezken trukea sustatuz. Ekitaldiari amaiera emateko networking saio bat egin da bertaratutakoen, hizlarien eta erakundeetako ordezkarien arteko harremana errazteko, eta bisita gidatu bat Agustinak Zentroaren instalazioetara.
Berrabiatu Industria Foroak enpresa-ondorengotzari aurrea hartzeko premia kritikoaz kontzientziatzeko balio izan du, eta ezagutzak, alternatibak eta erakundeen eta adituen laguntza jarri ditu Oarsoaldeko enpresen eskura, etorkizuna ziurtatzeko.