ERRENTERIAKO ARKAITZA TABERNA ETA OIARTZUNGO BIOK JANARIAK ETA GURE TXOKO JATETXEA, AURTENGO OARSOARRAK EUSKARAREN SARIAREN IRABAZLE
Oarsoaldeko Euskara Batzordeak 2010az geroztik banatzen duen Oarsoarrak Euskararen Saria hiru ostalaritza-espazio maitatu eta erroturi emango die aurten: Errenteriako Arkaitza tabernari, eta Oiartzungo Biok Janariak eta Gure Txoko jatetxeei.
Eskualdeko euskalgintzako ordezkariek osatutako epaimahaiak jaso diren proposamenak arretaz aztertu ondoren, kanpoko herrialdeetatik etorrita negozioa euskaraz edo euskarari dagokion garrantziaz zabaldu duten Biok eta Gure Txokoren lana goraipatzea erabaki du. Euskara ikasteko eta erabilera naturala bilatzeko izan duten konpromiso irmoa, eta eguneroko jardunean hizkuntzari eman dioten lekua, aitortza publiko honen arrazoi nagusi dira.
Era berean, Errenteriako Arkaitza taberna sarituko dute, 50 urte bete direla-eta, euskararen eta euskal kulturaren babesleku bero, eroso eta beti zabalik izan delako. Hasieratik bezeroak euskaraz hartzeaz gain, beti izan ditu lagun euskal musika, bertsoak eta kultur adierazpenak, garai zailenetatik globalizazioaren zaratara arte. Auzo eta herritar askorentzat, euskaraz arnasa hartzeko eta komunitatea eraikitzeko plaza izan da.
Sariaren epaimahaiak —lau udalek, Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hitzak, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Ttur-ttur euskaltzaleon bilguneak osatua— eskualdeko herritar guztiak gonbidatu ditu sari banaketa ekitaldian parte hartzera.
2025eko Oarsoarrak saria azaroaren 28an banatuko da, iluntzeko 19:00etan, Errenteriako Merkatuzarren egingo den ekitaldi ireki eta parte-hartzailean. Euskararen aldeko hiru espazio hauek jasoko duten aitortza ospatzeko aukera izango da, eskualde osoaren izenean.