EUSKARA ENPRESETAN ETA GIZARTEAN ERROTZEKO IDEIAK ETA ESPERIENTZIAK PARTEKATU ZITUZTEN ENPATIKONOMIA JARDUNALDIAN

Joan zen ostiralean izan zen Agustinak Zentroan ENPATIKONOMIA jardunaldia, eta bertaratuek euskara gure bizimoduan, enpresetan eta gizartean errotzeko ideiak eta esperientziak partekatzeko aukera izan zuten. Enpatikonomiak ekonomia egiteko beste modu bat proposatzen du: enpresen jardueran pertsonak eta ingurunea kontuan hartzea, enpatiaz jardunez. Jardunaldian ikuspegi eta adibide ugari partekatu ziren norabide horretan.

 

Harrera, komunitatea eta bizipen pertsonalak

Jardunaldian tokia izan zuten Euskal Herrira bizitza proiektu bat egitera etorritako pertsonen esperientziek ere. Mamadou Sarr Diamek, Euskal Herrian bizi den senegaldarrak eta Ondarrun euskara ikasi zuenak, bere bizipen pertsonala partekatu zuen: “hemengo pertsonei agurra euskaraz egiten nienean, beraien begiradan eta aurpegian beraientzat garrantzitsua zela antzematen nuen”. Bere hitzek agerian utzi zuten euskarak harremanak sortzeko eta zubiak eraikitzeko duen balioa eta hurbilketa emozionalaren garrantzia. 


Testuinguru horretan, komunitatearen rola ere azpimarratu zen. Azken urteotan eskualdera etorri diren 91.000 pertsonen aurrean harrera giroa sortzea eta eguneroko harremanetan euskara modu naturalean erabiltzea lagungarria dela nabarmendu zen. Horretan guztian, gizarteko eragile askok izan dezakete zeresana: enpresek, merkataritzak, ostalaritzak, erakundeek eta norbanakoek. Edozein pertsonaren eguneroko harreman eta jarduera eremuetan gerta daiteke euskara erabiltzeko aukera.  Esaterako, Euskal Herrian bizi den Yasmine Khris Maansri okzitaniarraren Ongi Etorri Iruñera egitasmoan, etorri berriei lanerako prestakuntza eskaintzen diete euskaraz, bere osotasunean.

 

Migrazioa eta aniztasuna

Migrazioaren eta aniztasunaren inguruko datuak ere aurkeztu ziren. Arkaitz Fullaondoren arabera, etorri berrien errealitatea askotarikoa da, eta aurreiritziek baldintza dezakete harremana, sarritan pentsatzen baita ez dakitela euskaraz.

Oarsoaldean 9.573 pertsona dira atzerrian jaiotakoak, eskualdeko biztanleriaren %13,3. Banaketari dagokionez, kolektibo honen erdia baino gehiago Errenterian bizi da (%56,8), eta ondoren dator Pasaia (%29,3), Oiartzun (%8,3) eta Lezo (%5,7). Halaber, euskalduntzeak migratzaileen egoera kontutan izango duen politika, programa, bitarteko, laguntza eta metodologiak behar ditu.


 

Enpresen rola euskararen sustapenean

Mahai inguruetan azpimarratu zen enpresek ere badutela zeresan handia euskararen erabilera sustatzeko garaian. Besteak beste, hizkuntza erantzukizuna enpresen kudeaketa arduratsuan integratzea proposatu zen, eta euskara aktibo kultural, sozial eta ekonomiko gisa ulertzea. Era berean, hizkuntza normalizazioa sustatzen duten enpresak indartzea eta euskararen aldeko ekimenetarako laguntza eta pizgarriak garatzea ere aipatu ziren.

 

Parte hartzaileek nabarmendu zuten ez dagoela formula bakar bat: sektore eta errealitate bakoitzera egokitutako bideak behar dira. Hala ere, hainbat gako aipatu ziren, hala nola motibazioa lantzea, baliabideak eskaintzea eta zuzendaritzen inplikazioa sustatzea. Euskararen erabilera eguneroko harremanetan, lan giroan eta erakundeen babesarekin modu naturalean txertatzea ere garrantzitsutzat jo zen.

 

 

Finlandiako eredua enpresetan hizkuntza ikaskuntza sustatzeko

Mari Nikonen finlandiera irakasleak Finlandiako esperientzia aurkeztu zuen. Azaldu zuenez, herrialde horretan enpresek sarri laguntzen diete langileei hizkuntzak ikasten, integrazioa eta komunitate sentimendua indartzeko. Horretarako, lan testuingurura egokitutako prestakuntza programak eta baliabideak eskaintzen dira, eta askotan hizkuntza ikaskuntza lanaren beraren parte bihurtzen da.

Halaber, azpimarratu zuen elkarrizketa beti bi noranzkokoa dela, eta lantokietan hizkuntza gaitasun desberdinak kontuan hartzea garrantzitsua dela. Praktika eleanitzak sustatzea, baliabide linguistiko anitzak erabiltzea eta ikasteko ingurune seguruak sortzea lagungarriak direla adierazi zuen.

 

Jardunaldi parte-hartzailea

Jardunaldian hainbat ikuspegi eta esperientzia partekatu ziren. Parte hartu zutenen artean izan ziren Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren presidentea; Arbasoak taldeko Andoni Martinez de Ustarian eta Sebastian Ustarroz; Yasmine Khris Maansri (Euskal Herrian bizi den okzitaniarra) eta Mamadou Sarr Diame (Euskal Herrian bizi den senegaldarra); Iñigo Arrieta (EIKA kooperatibako presidentea); Arkaitz Fullaondo, EHUko soziologoa eta ikertzailea; Mari Nikonen (finlandiera irakaslea), Arantza Tapia (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu ohia), Helena Franco (ekonomia ikertzailea), Belen Uranga (Soziolinguistikaren Klusterra); Leyre Jauregi (Batzen Zabalduz); Iratí Mañeru (Erroak) eta Maite Villasante (AEK). Mahai inguruetan enpresa munduko ordezkariek ere parte hartu zuten: Maider Aizpuru (Biele), Ramon Mendiguren (Cikautxo) eta Bidane Txopitea (Soraluce – Danobat). Ekitaldia Naroa Iturri eta Nerea Intxausti aurkezleek gidatu zuten.

 

Jardunaldia Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek eta Oarsoaldea Garapen Agentziak antolatu zuten, SPRI Taldearen, Indeus plataformaren, Bai Euskarari elkartearen, eta EITBren lankidetzarekin; eta Ahize-AEK eta Iametza izan ziren laguntzaile.

Saioa giro atseginean garatu zen, Arbasoak taldearen musikak eta magia ikuskizunak lagunduta, eta bertaratuek hausnarketarako eta elkarrizketarako aukera izan zuten.

 


 

 

BERTARATU ZIRENEN IRITZI UZTA


 

 

Jardunaldi osoa ikusgai hemen: