Hezkuntza eta enplegu helburuak bete eta Tomasenea baserriaren birgaitzea burutu du Baserriberri egitasmoak
Gaur ate irekien jardunaldia antolatu dituzte Urdazubin, Baserriberri proiektuaren emaitzak lehen eskutik ezagutzeko. Egitasmo hau Peio Martikorena Fundazioak bultzatu eta Europako Batasunak %65ean kofinantzatu du Interreg Programaren bidez. 2024ko irailetik 2025eko uztaila bitartean Nafarroa, EAE eta Akitania Berriko bederatzi langabek egurrezko arotzeria tradizionalaren inguruko prestakuntza jaso dute, eta lehenbizikoz Frantzian eta Espainian aitortza duen titulu profesionala eskuratu dute. Gainera, ikasleetako hiru proiektuarekin lotutako enpresetan hasi dira lanean, eta beste bi norbe kontura ari dira dagoeneko. Proiektuak, halaber, ondare ukigarria utzi du: erabat berritutako baserri bat Dantxarinean.
Proiektuaren koordinatzaile Amaia Recartek gaur azaldu ditu ekimenaren xehetasunak Menta prestakuntza-gunean, zeinak ikasgela-tailerra eta ostatua eskaini baitizkie bederatzi ikasleei Dantxarinean. Aurkezpenaren ondoren, parte-hartzaileek berritutako Tomasenea baserria bisitatu ahal izan dute, ikasleek ikasitako egur lanketa teknikek landa eraikin tradizionalak berreskuratzeko dituzten erabilpenak bertatik bertara ikusteko.
Recartek nabarmendu duenez, mugaz gaindiko proiektu honen ondorioz, formakuntza osatu duten bederatzi ikasleek “ziurtagiri profesionala lortu dute, Frantzian zein Espainian aitortua, eta edukietako batzuk dagoeneko hautazko irakasgai gisa eskaintzen dira prestakuntza-zentroetan.
Hezkuntza mailako mugarri garrantzitsua da, izan ere, egurrezko artisautza ez zen Nafarroako eta Euskadiko hezkuntza-sistemetako prestakuntzan irakasten. Baserriberri proiekturako bereziki diseinatutako prestakuntza paregabe honekin, ikasleek lurralde guztietan baliozkoak diren ziurtagiriak lortzeko aukera dute”.
1.778.447 euroko aurrekontua duen proiektua %65ean kofinantzatu du Europar Batasunak Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021–2027) Programaren bidez. Peio Martikorena Fundazioak, proiektu-burua den aldetik, koordinazio-lanak hartu ditu bere gain, eta Tomasenea baserria eta Menta eraikina jarri ditu egitasmoaren zerbitzura. Formakuntza eta birlaneratze programa hainbat prestakuntza-zentrok eta garapen eta enplegu agentziek elkarrekin gidatu dute, bestalde.
Hezkuntzaren arloan ondoko zentroek parte hartu dute: Les Compagnons d’Anglet; CIFP Bidasoa LHII (Irun) eta Easo Politeknikoa (Donostia), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babespean; eta CIFP San Juan–Donibane (Iruñea), Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Silaren menpe. Enpleguaren arloan, elkarrekin egin dute lan Oarsoaldea Garapen Agentziak, Akitania Berriko Mission Locale Pays Basque-k eta Nafar Lansareko Doneztebeko agentziak.
“Baserriberri aparteko emaitzak izan dituen proiektua da. Mugaz harago doan formakuntza eta laneratze programa ziurtatua gauzatu da, egurrezko egitura arotzerian kalitate handiko prestakuntza eskainiz. Gainera, hiru hizkuntzatan egin da, eduki tekniko eta teorikoak laneratzerako babes pertsonalizatuarekin uztartuz, guztia landa-ingurunean”, azpimarratu du Recartek.
Proiektuak ondare ukigarria utzi du, hala nola ikasgela-tailerra eta berritutako baserria, baita ondare ukiezina ere, prestakuntza-programa berri baten bidez. Bitarte honetan, prestakuntza-zentroetako irakasleek egur-arotzeriako eduki teknikoak euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz bildu dituen programa sortu dute. Ikasleek, gainera, egurraren “erauzketa, ustiapen eta eraldaketaren balio-katea” ulertzeko jarduera pedagogikoak egin dituzte, mintegi teknikoetan parte hartu dute eta zeharkako gaitasun profesionalak eskuratu dituzte tailer kolektiboen bidez.
Proiektuaren emaitzarik ikusgarriena, “ikasleek ikasitakoa ukitu eta ikusteko aukera eskaintzen duen lekua da”, Tomasenea baserria, hain zuzen. Bere teilatu berrituak atzo bisitariei babesa eman zien. Baserri honetan, eskuratutako ezagutzak praktikan jarri dituzte ikasleek, eta 1.400 ordu baino gehiago eskaini dituzte neurketak egin, egurrezko estaldura eta zorua jarri, egiturak muntatu eta arotzeriako eta estaldurako lanak egiteko. Guztia ekonomia zirkularraren ikuspegiarekin burutu da, erabilitako egurraren %50 baino gehiago berrerabilia baitzen.
Les Compagnons zentroko Iban de la Fuente irakaslearen hitzetan, “prestakuntza honekin egur berriarekin zein zaharrarekin nola lan egiten den irakasten saiatu gara. Baina ofizio hau ez da urte batean ikasten; denbora behar da. Ikasleek egurra eraikuntza-material gisa maitatzen ikasi dutela da garrantzitsuena”.
Proiektuan parte hartu duen ikasleetako bat da Argia Aramendia. Bere hitzetan, “Baserriberrin bizitako esperientzia oso aberasgarria izan da. Elkarbizitzaren ikuspegitik, taldean lan egiten ikasteko lagundu digu. Ikasketei dagokienez, praktika eta teoria uztartzea oso emankorra izan da, eginez ikasi baitugu. Gainera, eskala handian egin dugu, baserri oso bat berreskuratuz”.
Baserriberriren hiru ardatz nagusiak —formazioa, enplegua eta Tomasenea baserriaren berritzea— bete egin diren arren, arduradunek nabarmendu dute proiektua ez dela hemen amaitzen. Batetik, egur-arotzeriako teknikei buruzko material didaktiko eleanitza sortu da, aurrez ez zegoena. Esate baterako, euskara, gaztelania eta frantsesez egur lanketa teknikako hiztegi berezi bat prestatu da. Berritutako baserriak, gainera, bizia hartuko du proiektuan parte hartu duten lurralde guztien arteko topagune gisa, etorkizunean hainbat jarduera ospatu ahal izango diren mugaz gaindiko espazio ireki bihurtuz.
[Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) babesarekin, POCTEFA 2021-2027 programaren bidez, Peio Martikorena Fundazioak gidatutako proiektu honek, Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin, Federation Compagnonnique Regionale Pyrénées Atlantiques delakoarekin, Mission Locale Pays Basque delakoarekin, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin eta CIFP Bidasoa LHII Euskadi, Easo Politeknikoa LHII Euskadi eta CIFP San Juan – Donibane lanbide-heziketako zentroekin lankidetzan, mugako eskualdeko erronka sozioekonomikoei heltzeko modua irauli nahi du.]