IBILBIDE GIDATUAK AIAKO HARRIA PARKE NATURALEAN (NATURA 2000 SAREA) ETA LAU HAIZETA PARKEAN

Aurten ere, abuztutik urrira bitartean, herriko natura-guneetan irteera gidatuak eskainiko ditu astebururo Errenteriako Udalak. Abuztuko bigarren asteburutik aurrera Lau Haizeta parkea, Aiako Harria Parke Naturala (Natura 2000 sarea), Añarbeko baso erreserba, Azpitarteko haitzuloak eta Aldura-Igantziko inguruak bisitatu ahal izango dira, gida aditu baten eskutik.

Azpitarteko haitzuloetara egingo da lehenengo irteera, abuztuaren 10ean. Bisita Listorreta-Barrengoloiako informazio bulegoan hasiko da, eta ordu eta erdiko ibilbide honetan, denboran atzera eginez, Paleolitora egingo da bidaia, gure arbasoen bizileku hura ezagutzeko aukera emanez. Azpitarteko bisita gidatu irailaren 6an eta urriaren 5ean ere errepikatuko da.

Lau Haizeta Parkea eta Monumentu Megalitikoak bisitatzeko irteera gidatua abuztuaren 16an eskainiko da. San Marko gotorlekuko aparkalekuan hasita, hiru ordu inguruko ibilbide honetan zehar Txoritokietako estazio megalitikoa bisitatuko da. Estazio horrek historiaurreko hainbat hilobi monumentu mota ditu, hala nola trikuharriak eta tumuluak. Aldi berean, San Markoko eta Txoritokietako gotorleku militarren inguruan dauden basoetan eta hezeguneetan ere barneratuko da. Bisita hau irailaren 14an eta urriaren 11n ere errepikatuko da.

Eskainiko den beste ibilbideetako bat Añarbeko baso erreserbara izango da. Lehenengoa, abuztuaren 24an izango da. 4 orduko txango gidatu hau Idoiatik (Susperregi) abiatuko da eta inguruko bistez gozatzeaz gain, Malbazargo eta Pagosardeko hezeguneetan bizi den faunaren berezitasunak ezagutu ahal izango dira. Ibilbideak pagadietan barrena sartzeko eta bertako biodibertsitatea ezagutzeko aukera ematen du. Datozenak, irailaren 20an eta urriaren 19an izango dira.

Azkenik, Aldura, Pertsele eta Igantzi mendietako bazterrak bisitatzeko aukera izango da abuztuaren 30an. Idoiatik (Susperregi) abiatuko da ibilbidea, eta mendi hauen eta Añarbeko urtegiaren inguruan dauden ikuspegi panoramikoen paisaia ezberdinak ikusi ahal izango dira. Lau orduko ibilbide honek Aldurako elur-zuloa, basoa lehengoratzeko prozesuak, anfibioak babesteko sortutako ur-putzuak eta inguruko hegaztien biodibertsitateari buruz ikasteko aukera emango du. Irailaren 28an eta urriaren 25ean ere irteera hau egiteko aukera egongo da.

AURTEN ERE, 4 IBILBIDEAK EGITEAK SARIA DU! 

Ibilbideetako bat egiten den bakoitzean zigilu bat eskuratuko da, eta 4 ibilbideak egiten dituztenen artean Oarsoaldeko Museoak doan bisitatzeko 2 bonu-pareren zozketan parte hartu ahal izango da.

Irteera gidatu hauek 10:00etan hasiko dira eta doakoak izango dira.

Aldez aurretik izena eman beharko dira:


ERRENTERIAKO TURISMO BULEGOA

Madalen kalea, 3
943 494 521 | turismoa@oarsoaldea.eus


Oarsoaldea