KOLEKTIBO ZAURGARRIEN GIZARTERATZEA ETA LANERATZEA SUSTATZEKO EGITASMO BERRIAK OARSOALDEAN

Besteak beste, 70 pertsonaren gizarteratzea eta laneratzea helburu duen Oarso-Sare egitasmoa jarri du abian Oarsoaldea Garapen Agentziak

Azken hilabeteetan langabezia tasa orokorrak behera egiten jarraitu badu ere, egoerak ez die pertsona guztiei berdin eragiten. Lan merkatuan zailtasun bereziak aurkitzen dituzten langabetuen egoerarekin kezkatuta, egoera zaurgarrian bizi diren 70 pertsonaren gizarteratzea eta laneratzea helburu duen Oarso-Sare egitasmoa jarri du abian Oarsoaldea Garapen Agentziak. Proiektua 2023 eta 2024 urteetan zehar exekutatuko da, eta 387.020,58 euroko aurrekontua du. Foru Aldundiak % 85 finantzatuko du eta egitasmoan parte hartzen duten 10 entitateek gainerako % 15a kofinantzatuko dute (58.047,89€).

2022ko abenduaren 22an, Garapen Agentziak Foru Aldundiarekin sinatu zuen egitasmoa martxan jartzeko hitzarmena. Horren ostean, Oarsoaldeak beste 9 entitaterekin sinatu ditu egitasmoaren exekuzioan parte hartuko duten hitzarmenak. Denera, beraz, 10 eragilek parte hartuko dute proiektuan: Katea Legaiak, Sos Arrazakeriak, Don Bosco ikastetxeak, Fondo Formación Fundazioak, Emplea Fundazioak, Adecco Fundazioak, Peñascal Kooperatibak, Zabalduz Kooperatibak, Secretariado Gitano Fundazioak eta Oarsoaldea Garapen Agentziak.

 

Helburua lortzeko gakoa: sentsibilizazioa

Kolektibo zaurgarrien gizarteratzea eta laneratzea lortzeko, eskualdeko enpresekin sentsibilizazioa landuko da. Hain zuzen ere, pertsonen interbentzioa planteatzen duten azpi-egitasmoek eskainiko dute prestakuntza teknikoa, zeharkako prestakuntza, enpresa praktikak, prozesu guztian akonpainamendua eta parte-hartze bekak. Halaber, enpresen sentsibilizazioa lantzeko, besteak beste, 5 topaketa sektorial eta Eskualdeko Inklusio Jardunaldi bat antolatzea ere proposatzen da.

Egitasmoko proiektuak

 Oarso-Sare egitasmoa lau azpi-proiektuk osatzen dute:

  • ZILAR-LAN: atentzio sozio-sanitarioan lan egitea ahalbideratuko duen egitasmoa.
  • INDUSTRIAN AUKERA: industria sektorean lan egitea ahalbideratuko duen egitasmoa.
  • ZUBITAN: produktu teknologikoen salmentan lan egitea ahalbideratuko duen egitasmoa.
  • HARROBIAK: eskualdeko enpresak inklusio prozesuetan sentsibilizatu eta beren partaidetza sustatzea helburu duen egitasmoa.

Arestian aipatutako egitasmo horiek ez dira egoera zaurgarrian dauden pertsonak laguntzeko abian dauden egitasmo bakarrak. Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalen bitartez, Lanbideko Enplegu planen bidez 45 pertsona kontratatu dira, Eusko Jaurlaritza eta Lanbideren laguntzaren bidez.

Ildo beretik, nabarmentzekoak dira abian dauden bestelako egitasmo eta proiektuak:

Batetik, Auzolan Balioanitza. Egoera zaurgarrian dauden 11 pertsonaren gizarteratzea eta laneratzea planteatzen du. Lanbidek % 100 diruz lagundutako egitasmoa da, eta margoketa nahiz lorezaintza alorreko prestakuntza teknikoa, zeharkako prestakuntza, akonpainamendua eta 6 hilabeteko kontratazioa du.

Bestetik, Auzolan Industria. Egitasmo hau ere Lanbidek % 100 diruz laguntzen du, eta egoera zaurgarrian dauden 10 pertsonaren gizarteratzea eta laneratzea planteatzen du. Industria alorreko prestakuntza teknikoa, zeharkako prestakuntza, akonpainamendua eta 6 hilabeteko kontratazioa du.

Amaitzeko, W egitasmoa. Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak finantzatzen du % 100ean. Berpiztu programaren baitan kokatzen da, eta 2022ko uztailean jarri zen martxan. Kasu honetan, erresidentzia eta lan-baimenik gabeko RGIa kobratzen duten 35 pertsonaren erregularizazioa lortzea da helburua.

Garapen Agentziak ziurtagiri profesionalak eskaintzen duten Lanbide-prestakuntzako doako 5 ikastaro ere kudeatzen ditu; Ingurumen kudeaketa ikastaroa, Tresneria industrialaren mantentze eta muntatze mekanikoa ikastaroa, Txirbil-harroketa bidezko mekanizazioa, Industria-ekipoen mantentze eta muntaketa mekanikoa, elektrodo gaineztatua eta tig bidezko soldadura eta fabrikazio mekanikoko laguntza-eragiketak.

Bestalde, Ereiten egitasmoan, egoera zaurgarrian dauden 12 pertsonei zuzenduriko tailer okupazionalak, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalentzat era amankomunatuan kudeaturikoak. Bertan egiten diren aktibitateak nekazaritza eta sukaldaritza dira, Oiartzungo baratzetan eta Laboreko instalazioetan egiten direlarik. 

Azkenik aipatu, BADIA BERRI gizarteratze enpresan egiten den lana, bideo honetan ikusgarri dagoena. Dagoeneko 40 langile dira BADIA BERRIn eta 37 emakumeak dira. 

 

Lan merkatutik urrun dauden pertsona langabeei zuzenduriko enplegu baliabidea da BADIA BERRI gizarteratze enpresa; honen bidez, bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen kontratazioa sustatzen da, eta era berean akonpainamendu bat ematen zaie beren eguneroko zailtasunak gainditzen joan daitezen.

Esanak esan, Oarsoaldea Garapen Agentzian lanean jarraitzen du eskualdeko herritarrei laguntza eta babesa eskaintzeko bidean, eta Oarso-Sare egitasmoa helburu hori lortzeko beste aurrerapauso bat da.