KONTUZ ROAMING-AREKIN ATZERRIRA BIDAIATZEN DUZUNEAN

Udara iritsi da eta jende asko oporrak prestatzen ari da. Gauza asko daude prestatzeko: garraioa kontratatzea, ostatua, bisitak antolatzea... eta atzerrira joango diren pertsonek ahaztu ezin duten zerbait: roaminga.

Aspaldi mugikorra duen eta normalean atzerrira bidaiatzen duen jendeak badaki zer den, baina pertsona askok oraindik ez dute argi nola funtzionatzen duen, eta horregatik ezusteko desatsegina izan dezakete oporretatik bueltan mugikorraren fakturan.

Roaming-a (edo ibiltaritza) da telefonoa (deiak, mezuak, datuak) etxean bageunde bezala erabiltzeko aukera ematen diguna. Berdin dio zein herrialdetan gauden edo gure operadoreak han sarea duen edo ez, roaminga aktibatuta badugu mugikorra hemen bezala erabili ahal izango dugu. Horrek ez du esan nahi debalde denik. Batzuek uste dute "roaming" kontzeptuak doan dela esan nahi duela, baina oso garrantzitsua da jakitea ez dela beti horrela.

Pertsona askori begi-bistakoa irudituko zaien arren, argi izan behar da gauza bat dela mugikorra etxean bezala erabili ahal izatea (roaming) eta beste bat doan egitea (roaming doan).

Roaminga debalde da EBko herrialde guztietan, Erresuma Batuan, Islandian, Liechtensteinen eta Noruegan.Gainerako herrialdeetan, mugikorra erabili nahi badugu, gure telefonia-operadoreak ezarritako tarifak ordaindu beharko ditugu. Beraz, garrantzitsua da tarifak kontsultatzea roaminga aktibatzea erabaki aurretik.

Roamingagatik ordaindu nahi ez badugu, baina mugikorra erabiltzen jarraitu nahi badugu, datuak desaktibatu edo mobila hegazkin moduan jarri behar dugu, eta wifi sareren batera sartzeko aukera dugunean bakarrik konektatu. Eta kontuan izan behar da jasotzen ditugun deiak ere ordaintzen direla eta kontzienteki ez konektatu edo mugikorra kajoi batean utzi eta erabiltzen ez badugu ere, datuak kentzen ez baditugu sorpresa bat izan dezakegula, gaur egungo mugikorrak etengabe konektatzen baitira eguneratzeak deskargatzeko.

Horregatik, garrantzitsua da gogoratzea datuak desaktibatu edo mugikorra hegazkin moduan jarri behar dela. Edo roamingaren aukera desaktibatu, erabiliko ez badugu.

Informazio gehiago nahi izanez gero edo atzerrian mugikorra erabiltzearekin lotutako zalantzak argitu nahi badituzu, zatoz Kontsumo Bulegora:

📍 Helbidea: Madalen kalea 3, 20100 Errenteria

🕘 Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara


Oarsoaldea