LEHEN AUKERA programaren 2026ko deialdia zabalik dago gazte langabeen kontratazioa sustatzeko
Gazteei lehen lan-esperientzia eskaintzeko programa
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak martxan jarri du LEHEN AUKERA programaren 2026ko deialdia. Egitasmoaren helburua da 16 eta 30 urte bitarteko gazte langabeei lehen lan-esperientzia eskuratzeko aukera ematea, euskal enpresetan eta bestelako erakundeetan kontratazioa sustatuz.
Zer kontratazio mota lagunduko dira diruz?
Programaren bidez, beren titulazioarekin lotutako lanpostuetan esperientzia gutxi edo batere ez duten gazteen kontratazioa lagunduko da diruz. Zehazki, dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte kontratu mugagabeek eta gutxienez sei hilabeteko iraupena duten lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntza-kontratuek, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egiten badira.
Parte hartzeko baldintzak
Parte hartu ahal izateko, gazteek Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda eta alta egoeran egon beharko dute, eta kontratua hasi aurreko egunean langabezian egon. Horrez gain, honako titulazio hauetakoren bat izan beharko dute:
unibertsitate-gradu edo masterra, Lanbide Heziketako erdi edo goi mailako titulua edota profesionaltasun-ziurtagiria. Era berean, gehienez sei hilabeteko lan-esperientzia izan ahal izango dute titulazioarekin lotutako lanpostuetan.
Hautaketa-prozesua
Enpresek hautagaiak zuzenean aukeratu ahal izango dituzte edo Lanbideren nahiz Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez egin ahal izango dute hautaketa-prozesua. Zuzeneko hautaketa egiten denean, Gazte Bermearen Sisteman izena emanda egotea eskatuko da.
Prestakuntza duala egin duten gazteen kasuan, kontratua mugagabea izan beharko da edo, gutxienez, 12 hilabeteko praktika profesionaleko prestakuntza-kontratua.
Eskaerak aurkezteko epea
Eskaerak aurkezteko epea 2026ko urriaren 15era arte egongo da zabalik.
Informazio gehiago
Deialdiaren oinarriak hemen kontsulta daitezke:
Lehen Aukera 2026 deialdia
Informazio gehiago edo zalantzak argitzeko:
OARSOLAN Enplegu eta Inklusio Zentroa
943 510 200 · oarsolan@oarsoaldea.eus
OARSOLAN, aukera berrietarako bideaa eta harremanak sustatuz.