LISTORRETA-BARRENGOLOIAKO INFORMAZIO BULEGOA BERRIRO JARRI DUTE MARTXAN

Urriaren 12ra arte Errenteriako Udalak eta Oarsoaldeko Garapen Agentziak berriro jarri dute martxan Listorreta-Barrengoloiako informazio puntua. Aiako Harriko Parke Naturalaren eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) sarbide nagusienetako batean kokatzen da, Natura 2000 Sarearen barruan. Ingurune natural paregabe hau ezagutzen hasteko leku ezin hobea da.
Informazio bulegoan bertaratzen direnei artatuko dieten langileek mendi-ibilbide homologatuen zein ondare megalitiko aberatsaren inguruko informazio zehatza eskainiko diete. Horrez gain, familientzako aproposak diren orientazio-ibilbideen mapak ere eskuragarri egongo dira. Inguruan hainbat leku interesgarri bisitatu daitezke, hala nola Aizpitarteko haitzuloak (barnealdeko sarbidea itxita dago), Añarbeko Eboluzio Naturaleko Eremuko baso-erreserba eta mendiko hezeguneak: Malbazar, Aldura, Igantzi edo Pagosarde, besteak beste. Babestutako eremu natural honetan dagoen biodibertsitateari buruzko informazioa ere emango da, bai flora bai fauna aldetik.
Informazio guneko arreta-ordutegia honakoa izango da:
- ostegunetan 8:30etik 14:00etara,
- eta ostiraletan, larunbatetan, igandetan zein jai egunetan 8:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:30era.
Listorreta-Barrengoloia Gipuzkoako aisialdi-gune garrantzitsuenetako bat bihurtu da azken urteetan, eta eskaintzen duen azpiegitura zabalari esker, naturaz eta aire zabaleko jarduerez gozatzeko leku aparta da. Errenteriako Udalak hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie bisitariei: komun publikoak, mahai eta bankuak dituzten eremuak, iturriak, haur-parkea, barbakoarako prestatutako eremuak, hondakinak bereizteko edukiontziak, autokarabanentzako atseden-eremuak eta hondakin-urak husteko gune bereziak.
Baina hori ez da dena. Udako hilabeteetan natura eta kultura uztartzen dituzten jarduera eta bisita gidatu ugari antolatuko dira. Horien berri datozen asteetan emango da.
Aiako Harriko ingurunearen paisaia-aberastasunean eta kultura-ondarean murgiltzeko aukera ezin hobea da.
Eskualdeko Turismo Bulegoa
943 494 521
turismoa@oarsoaldea.eus
www.oarsoaldeaturismoa.eus