MINTZAGUN EUSKARAZKO FILM-LABUR LEHIAKETAK BADU IRABAZLEA
Aurtengo Mintzagun saria Jon Martijaren "Iturralde" film laburrak irabazi du
Pasaiako Trintxer Kulturala elkarteak antolatutako IKUSKA, Pasaiako Badiako Nazioarteko Film Laburren Erakustaldiak, besteak beste, euskarazko film laburren ekoizpena eta zabalkundea bultzatzea du xede. Helburu horren baitan jaio zen 2012an MINTZAGUN saria, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen eta Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalen arteko lankidetzari esker. Ekimenak euskararentzat espazio eta aukerak sortzea du ardatz.
Aurtengo edizioan, azaroaren 17tik 20ra bitartean, Oarsoaldeko sei euskaltegietako ikasleek bost film labur ikusi dituzte Ikuska festibalera aurkeztutako lanen artean, herrietako aretoetan, euskaltegietan zein norberaren etxean. Bozkak bilduta, aurtengo euskarazko film-labur onenaren Mintzagun saria Jon Martija zuzendariaren “Iturralde” lanarentzako izan da. Saria Nerea Aguado ekoizleak hartu zuen.
Mintzagun sarian 600 euroko diru-saria eta garaikurra ematen dira urtero. Euskaraz ekoitzitako lanek ibilbide luzeagoa egin dezaten eta, hartara, ekoizpen gehiago izan dadin sustatzea da ekimen honen helburua.