MUGI TXARTELAK SALTZEA ETA KARGATZEA ERRENTERIAKO ETA PASAIAKO TURISMO BULEGOETAN

2026ko martxoaren 30az geroztik, Errenteriako eta Pasaiako Turismo Bulegoak MUGI txartel anonimoak saltzeko eta kargatzeko gune bihurtu dira, eskualdeko bisitariei eta egoiliarrei garraio publikoaren erabilera errazteko.

Zerbitzu hau mugikortasun iraunkorragoa sustatzeko eta garraio publikoaren erabilera errazteko jarri da abian, Oarsoaldea Garapen Agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamendu Departamentuaren arteko lankidetzari esker.

MUGI txartel anonimoa garraio publikoa erabiltzeko aukera ekonomiko eta malgua da. Txartel honekin Gipuzkoako hiri barruko eta hiriarteko autobusak, Euskotren, Renfe Aldiriak eta Pasaiako motorra erabil daitezke, eta bidaia bakoitzean % 60ko deskontua aplikatzen da.

Txartel honen ezaugarri nagusietako bat da ez dagoela inongo pertsonarekin lotuta: edonork erabil dezake, ez du inolako dokumentaziorik behar eta, gainera, Pasaiako autobusetan eta motorrean txartel bakarra (9 pertsona gehienez) duten hainbat pertsonaren bidaia ordaintzeko aukera ematen du, familian edo taldean bidaiatzeko aproposa.

Turismo-bulegoetan eskaintzen den zerbitzuari dagokionez, erabiltzaileek honako aukera hauek dituzte:

  • MUGI txartel anonimoa erostea: txartelak 5 €balio du eta 5 €-ko multiploetan kargatu daiteke.
  • Kargatzeko zerbitzua: MUGI txartelak kargatzeko aukera ematen du, ez bakarrik anonimoak, baita pertsonalizatuak ere.

Horrela, herritarrek eta bisitatzen gaituzten pertsonek zerbitzu berri hau erabil dezakete turismo bulegoen ordutegi zabala aprobetxatuz: asteartetik larunbatera 10:00-14: 00/16:00-18: 00 eta igandeetan 10:00-14: 00. Uztailean eta abuztuan egunero daude zabalik 9: 30-14:30/15: 30-18:30 ordutegian.

Oarsoaldea Garapen Agentziako turismo sailetik gure turismo bulegoetara hurbiltzeko gonbitea luzatzen diegu herritarrei, MUGI txartelaren tramiteak egiteko eta, bide batez, etxetik oso gertu ditugun jarduera eta baliabideen eskaintza bertatik bertara ezagutzeko.

ERRENTERIAKO TURISMO BULEGOA
Madalen kalea, 3
943 494 521 / turismoa@oarsoaldea.eus

PASAIAKO TURISMO BULEGOA
Donibaneko kulturgunea. Donibane kalea, 1
943 341 556 / turismoapasaia@oarsoaldea.eus

www.oarsoaldeaturismoa.eus