Familia-ihesaldia udaberrian!

Donostiatik kilometro gutxira, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia herriek osatuta, Oarsoaldea eskualdea familia-ihesaldi bat egiteko oso aukera aproposa da.

Udaberrian, eskualdea ezagutzeko plan ezin hobea da Arditurriko Bide Berdea zeharkatzea. Antzina, meategiko tren zaharrak mea Arditurritik Pasaiako portura garraiatzeko erabiltzen zuen bide hau, gaur egun, Oiartzun ibaiaren ertzean doan ibilbide atsegina bihurtu da. Oarsoaldea alderik alde zehartzen du, Aiako Harria Parke Naturaletik Pasaiako badiaraino. Ia maldarik ez du, beraz, familian egiteko oso egokia da, oinez zein bizikletaz.
 

Oiartzun

Gure ibilbidea bidearen jatorritik hasiko dugu: Oiartzungo Arditurriko meategi ikusgarriak, Aiako Harria Parke Naturalean, erromatar garaitik ustiatuak izan dira, orain dela 2000 urte.  Hemen, bisita gidatu baten bidez, lurpeko galerietan zehar ibili ahal izango gara  eta erromatar garaiko arrastoak zein ondorengo garaietakoak ezagutu ahal izango ditugu. Meategi barruan, ibilbidea argi eta soinu-jokoek sortutako giro magikoan egiten da, egundoko abentura familian!

Hemendik, Bide Berdeak bailaran behera egiten du Oiartzungo ibaiaren ondoan; baina bidean sorpresa gehiago daude gure zain: 

Arditurritik 3km-tara Luberri dugu, geologiari buruzko museo interesgarria. Bertan pantaila interaktibo batek eskualde gainetik birtualki hegan egiteko aukera emango digu, Aiako Harriaren, Oiartzun bailararen eta Jaizkibel gainetik hegan eginez.  Luberrin, gaur egun inguratzen gaituen paisaiaren erliebea nola eratu zen ikasi dezakegu eta baita mineral fluoreszenteen bilduma bitxia ikusi ere, besteak beste.

Eta hemendik metro gutxitara, Soinuenean, herri musikaren txokoan, munduko txoko guztietako 400 musika tresna baino gehiagoko bilduma aurkituko dugu, audio sistema bati esker entzun ahal izango duguna. Museo dotore eta original honek bisita merezi du.
 

Arditurri
Arditurri

 
Luberri
Luberri


 
soinuenea
Soinuenea


 

Errenteria

Ibaian behera jarraituz, Bide Berdeak Errenteriara eramaten gaitu, Fanderia auzora. Bertan dago auzoari izena ematen dion errota zaharra: Fanderiako errota- Ibaiaren Etxea. Hilabete bakoitzeko bigarren asteburuan bere mekanismoa eta errotarria martxan ikusi daiteke.

Bide Berdea jarraituz, Errenteriako erdigunea pasako dugu, baina aurretik ezin dugu bere Erdi Aroko hirigune historikoa ezagutzeko aukera galdu. Hemen, XVII. Mendeko eraikin zaharberritu batean Jantziaren Zentroa aurkitzen da. Bertan, denboran zehar bidaia interesgarri bat egin eta janzkerak mendeetan zehar izan duen bilakaera ezagutu ahal izango dugu.

Errenterian Bide Berdea zenbait adarretan banatzen da. Bidegorri sareak Errenteria Donostiarekin lotzen du, baina guk gure bidea Lezorantz jarraituko dugu, Pasaiako badiara iristeko.
 

fanderiako errota
Fanderiako errota
jantziaren zentroa
Jantziaren zentroa

 

Lezo eta Pasaia

Lezotik igarota,  bere hirigune historiko ederra nahitaez bisitatu behar dugu. Bitxikeria bezala, Gurutze Santuaren Basilikak, Europan dauden 3 Kristo bizargabeetako bat dauka. 

Bidegorritik Pasaiarako bidean, Donibaneko barrutira helduko gara. Herria bere kale bakarretik  gurutzatuko dugu, harriztatuta eta itsasoaren ondotik doana, Santiago plazara iritsi arte. Plaza zoragarria da hau, marinel etxez inguratuta. Donibanetik badia itsasontzian gurutzatuko dugu San Pedrora iristeko. Bertan, txikienei asko gustatuko zaien bi sorpresa ditugu:

Arrantza-kaian Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa dago, bisitatu eta benetako marinel-esperientzia bizitzeko aukera emango diguna, benetako atunontzi tradizional batean. Bertan gure marinelek nola bizi diren eta arrantza nola egiten duten ikasiko dugu. Materrek eskaintza zabala eta esperientzia paregabeak jartzen ditu gure esku, hala nola itsasora irteerak edo eta artisau-kontserbak egiteko tailerrak.

Ibilbide honi amaiera emateko, Gipuzkoan museo bisitatuenetako bat ezagutzea proposatzen dizugu: Albaola Itsas Kultur Faktoria. Ontziola zahar honetan euskal itsas-historian zehar landu den erriberako arotzen tradizioa berreskuratu dute. Gaur egun, jendaurrean XVI. Mendeko baleontzi baten erreplika, San Juan galeoia, berreraikitzen ari dira.  Etxeko txikiek Txo Mik Mak irudiaren bidez itsas-ondarearen balioa eta euskal itsas-historia ezagutu dezakete baita bestelako tailerrak egin ere.
 

Mater Museoa
Mater Museoa

 
albaola
Albaola

 



Informazio erabilgarria

Museo guzti hauek bisitatzeko, aukera interesgarria izan daiteke eskualdeko museoen bonoa eskuratzea 12,50 €-ren truke. Gainera, urtebeteko balioa dauka honek. Bestalde, zenbait deskontu ere badaude eskualdeko museo bat baino gehiago bisitatzeko. Museoetan bertan edo eskualdeko turismo bulegoetan, deskontu hauen inguruan galdetu dezakezu ere.

Oarsoaldea eskualdeak familian ihesaldi bat egiteko ostatu eskaintza zabala du: hotelak, nekazalturismo eta landetxeak, apartamentuak, aterpeak… Gainera, Bide Berdea egiteko, bizikletak alokatzeko aukera desberdinak ere baditu.

 

Informazio gehiago:

Oarsoaldeako Turismo Bulegoa. 943 494 521. turismoa@oarsoaldea.eus

oarsoaldeaturismoa.eus