Oarsoaldeak Ekonomia Urdinaren etorkizuna marraztu du Pasaiako 2025eko III. Sozializazio Jardunaldian

Oarsoaldea Urdina Poloak bere urteko Sozializazio Jardunaldia ospatu du Pasaian, Ekonomia Urdina eskualdearen eraldaketa ekonomiko eta jasangarrirako ardatz nagusi gisa kokatuz. Jardunaldian sektore publikoko eta pribatuko ordezkariak, adituak eta lurraldeko eragile estrategikoak bildu dira, Julien Maderrek, AZTI zentro zientifiko eta teknologikoko itsas teknologien zuzendariak, eta Beatriz Brosak, OARSOALDEAko Ekonomia eta Lurralde Garapeneko zuzendariak, gidatutako topaketan.


Ekitaldiari hasiera eman diote Teo Alberrok, Pasaiako alkateak; Izaskun Goñik, Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakariak; Ixone Soroak, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak; eta Koldo Peciñak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendariak. Lau ordezkariek azpimarratu dute Ekonomia Urdinak itsasertzeko eskualdeentzat duen potentzial eraldatzailea eta elkarlan publiko-pribatuaren funtsezko rola. “Pasaiak historian izan duen pisua berrasmatzeko aukera du, baina oraingoan industria garbiagoekin, teknologia gehiagoz eta eraldaketa betean dagoen itsas sektore berritzailearekin”, adierazi du Teo Alberrok.

Izaskun Goñik ekonomia urdinean belaunaldien arteko erreleboak dakarren erronka nabarmendu du, eta horren aurrean prestakuntzak izango duen garrantzia azpimarratu du, eskualdean Don Bosco eta Blas de Lezo Lanbide Heziketa bezalako zentroak daudela gogoraraziz. Era berean, belaunaldi-aldaketari aurre egiteko sentsibilizazioa funtsezkoa izango dela adierazi du.

 

Ondoren, Ixone Soroak Euskadiko Ekonomia Urdinaren 2025-2030 Plan Estrategikoa aurkeztu du, eta azaldu du Oarsoaldean, Ondarroan eta Bermeon aurreikusitako HUBek lankidetza-eredu partekatua sustatuko dutela. Halaber, Pasaiako La Herrerako eraikinak ekonomia urdinaren inguruko inkubazio-, talentu-erakarpen eta enpresa-garapenerako duen potentziala nabarmendu du, AZTI bezalako zentroen ekarpenarekin.

 

Goizeko lehen mahai-inguruan, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Oarsoaldea eta Portu Agintaritzako ordezkariek Ekonomia Urdinaren ikuspegi integrala landu dute, eskualdearen garapenerako palanka estrategiko gisa kokatuz.

Ildo horretan, Koldo Peciñak adierazi du Oarsoaldeko Ekonomia Urdinaren Poloak Gipuzkoako itsas ekonomiaren ekosistema indartzen laguntzen duela, sektorearen eraldaketa, industria-lehiakortasuna eta lurraldearentzat aukera berriak sortzen dituen garapen eredu berritzailea bultzatuz. Halaber, lau proiektu estrategiko aipatu ditu: kuantika, terapia aurreratuak, zibersegurtasuna eta Mubil. Horrez gain, MUBILek adierazi du Ortze bezalako ekimenak —Euskadin eraikitako lehen itsasontzi elektrikoa, Pasaian kokatua— eta Kaindar proiektu pilotua —portuan ontzi elektrikoentzako konexio adimenduneko karga-azpiegitura— ere proiektu honen parte direla.

 

Fernando Nebredak, Oarsoaldeako gerenteak, azaldu du Berpiztu funtsek eta Eusko Jaurlaritzaren babesak Oarsoaldea Urdina proiektua ideiatik errealitatera eramatea ahalbidetu dutela, gobernantzan, ekosisteman eta posizionamenduan aurrera eginez. Nabarmendu du proiektuak lankidetza, ikusgarritasuna eta kolidergotza indartzen dituela, eta lehiakortasuna, ekintzailetza, enplegua, prestakuntza eta identitatea uztartzen dituela.


 

Atsedenaldiaren ondoren, deskarbonizazioari eta elektromugikortasunari buruzko solasaldia egin da, Lasanaval, Mubil, Albaola Itsas Kultur Faktoria eta Karela Solutions erakunde eta enpresetako ordezkarien parte-hartzearekin. Teknologia, berrikuntza eta trantsizio energetikoa izan dituzte hizpide, itsas sektorearen etorkizun jasangarria irudikatzeko, Gorka Gabiñak, AZTIko Arrantza Jasangarriko Teknologien arduradunak, moderatutako mahai-inguruan.

 

Jarraian, lankidetza-proiektu nagusiak aurkeztu dira, Joseba Finók, Oarsoaldeako Ekonomia eta Lurralde Garapeneko teknikariak, moderatutako mahai-inguru batean. Besteak beste, Albaola Itsas Kultur Faktoria eta AZTIk berrikuntza eta ikerketa uztartzen dituen aliantza estrategikoa aurkeztu dute, euskal itsas kulturaren berreskurapena eta sektore turistikorako motor gisa duen eginkizuna azpimarratuz.

Bestalde, Bixigarri eta Mater Museo Ecoaktiboak ingurumen-sentsibilizazioa eta komunitatearekin lotura indartzeko ekimen berritzaileak azaldu dituzte, pertsonen eguneroko ohituretan eragitearen garrantzia azpimarratuz. Elkarlan hori Errenteriako Atlantikaldia ekitaldian sortu zen, Oarsoaldeako turismo teknikari Iñaki Azkarateren bidez.

 

Amaitzeko, Julien Maderrek, AZTIko itsas teknologien zuzendariak, azaldu du Oarsoaldeako Ekonomia Urdinaren Poloak berrikuntza-maila handiko proiektuak bultzatzen dituela itsas energiaren eta deskarbonizazioaren, robotikaren, digitalizazio aurreratuaren, material berrien eta bioteknologia urdinaren arloetan. Proiektu horiek akuikultura, elikadura, itsas ondarea, hezkuntza eta portu-espazioaren erabilera berritzaileekin uztartzen dira, Pasaiako badia ekonomia urdinaren soluzioak esperimentatu, baliozkotu eta eskalatzeko ingurune erreal gisa sendotuz.


 

Jardunaldia Oarsoaldearen itxiera-agurrarekin amaitu da, eskualdeko eragile guztiei beren parte-hartzea eta konpromisoa eskertuz, eta Ekonomia Urdinak lurraldearen etorkizunerako eskaintzen dituen aukerak azpimarratuz, berrikuntza irekiaren eta lankidetza zabalaren bidez.

Oarsoaldearen etorkizuna urdina da.