Oarsoaldeak eskualde mailako turismo errelato berria aurkeztuko du otsailaren 26an Oiartzungo Arizmendienea etxean

Otsailaren 26an, 10:00etatik 11:00etara, Oiartzungo Arizmendienea etxe-museoan eskualde mailako turismo errelato berria aurkeztuko du Oarsoaldea Garapen Agentziak. Ekitaldira bertaratuko dira, halaber, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udaletako ordezkariak eta turismo eragile eta enpresak, errelato berria sortzeko egin diren focus taldeetan aritu direnak.

“HEMEN, OARSOALDEA” izenburupean, eskualdeko turismo eragileek elkarrekin landu eta adostutako kontakizuna aurkeztuko da. Prozesu partekatu baten emaitza da, eskualdearen nortasuna, balioak eta etorkizuneko ikuspegi bateratua islatu nahi dituena. Helburua da marka eta kontakizun berri hau guztiona egitea eta aurrerantzean turismo-komunikazioan modu koherente eta bateratuan erabiltzea.

 

Turismo eredua eta komunikazio plana

2024an eskualdeko Turismoaren Marketin Plana landu zen, eta bertan zehaztu ziren Oarsoaldearen posizionamendu turistikoa gidatzen duten hiru ardatz nagusiak: itsas ondarea, natura eta kultura bizia. Ardatz horiek kontakizun bateratu batean txertatzeko komunikazio plan baten beharra identifikatu zen, eta horren emaitza da orain aurkeztuko den proposamena.

Prozesua parte-hartzailea izan da: bost focus talde egin dira, herri bakoitzean bana eta eskualde mailako beste bat, eta guztira 26 eragile publiko zein pribatuk hartu dute parte. Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete egindako ekarpenengatik, errelato berria guztion artean eraikitako emaitza da.

 

Eskualdeko turismo eredura egokitutako kontakizuna

Arizmendienea etxe-museoa bera aukeratu da aurkezpenerako, espazio honek eskualdearen memoria, komunitatea eta eguneroko bizitzaren benetakotasuna biltzen dituelako.

Oarsoaldeak turismo jasangarri eta kalitatezko baten aldeko apustua egiten du, herritarren eta bisitarien arteko bizikidetza bermatuko duena, eta hizkuntza, kultura, ondarea eta ingurunea errespetatuko dituena. Kontakizun berriak eredu horrekin bat egin nahi du, eskualdearen benetakotasuna, aniztasuna, ondarea, natura eta komunitatea oinarri hartuta.

 

Kontakizunaren bost ardatzak

Oarsoaldearen kokapen geografikoak aukera eta erronka bat dakar: bisitari askok eskualdea zeharkatzen dute eta helburua da bisitariek Oarsoaldearen balioa ere ezagutzea, postal polit batetik harago. “Hemen bizia dago, kontrastea eta errealitatea”, azpimarratu dute sustatzaileek.

Sortu den errelato berria bost ardatzetan oinarritzen da:

  • Lekuak eta jendea: kaleak, auzoak, baserriak, fabrikak eta itsasontziak.
  • Sormena eta kultura: jaialdiak, dantza, arte eszenikoak, bertsolaritza, museoak, festak eta musika.
  • Ondarea: historia, memoria historikoa, industria, portua eta euskara, ondare bizi gisa.
  • Jasangarritasuna eta natura: naturguneak, bide berdea.
  • Komunitatea eta parte-hartzea: aniztasuna, herrigintza, emakumeen lana eta eskualde bizia.

 

Eskualdean dena da benetakoa, garaikidea eta anitza.

Aurkezpena amaitzeko, kontakizun berriaren funtsa eta energia laburbiltzen dituen bideoa proiektatuko da.