Oarsoaldeko lau udalek 5,5 milioi euroko finantziazio europarra eskuratu dute hiri garapen jasangarriko proiektuak gauzatzeko.

Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek elkarrekin aurkeztu zuten EGEF (Europako Garapen Eskualdeko Funtsa) eskuratzeko proposamena, Oarsoaldeak modu bateratuan lan egiteko eta eskualdeko erronkei modu koordinatuan aurre egiteko duen gaitasuna erakutsiz horrela.

Oarsoaldeako Jarduketa Integratuko Plana (PAI) izan da Gipuzkoako proiektu bakarra, 2021-2027 aldirako Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidezko Hiri Garapen Jasangarriaren esparruan FEDER finantzaketa-ibilbidea esleitzeko deialdian onartutakoa.

Oarsoaldea bidean: Giza eskala mugimenduan” izeneko plana, gainera, Euskal Autonomia Erkidego osoan modu mankomunatuan aurkeztu den ekimen bakarra izan da, eta EAE mailan hautatutako hiru proiektuetako bat, baita bigarren proiektu ekonomiko handiena ere. Zehazki 14 milioi eurotik gorako inbertsio plana jasotzen du proiektuak 2025-2029 epealdirako eta ia %40ko finantziazioa jasoko dute udalek 5,5 milioi euro inguru zehazki. Funts hauek bultzada garrantzitsua emango diete eskualdeko udalerriek agintaldi honetarako hartutako konpromisoei.

Aitorpen honek indartu egiten du Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez bultzatutako elkarlan eredua, eta erakusten du udalerri horien arteko lankidetza bidea dela eskualdearen garapen urbano, sozial eta ekonomikoari elkarrekin heltzeko modurik eraginkorrena.

 

Eskualde kohesionatu eta jasangarriaren alde

Oarsoaldeako PAIa lau udalek 2025eko otsailean onartu zuten, eta Garapen Agentziak koordinatutako ibilbide luzeko plangintza estrategikoaren emaitza da.

Planak eskualdearen eraldaketa integrala proposatzen du, ardatz nagusi hauetan oinarrituta:

  • Hiri eta gizarte birsorkuntza,
  • Tokiko eta hurbileko ekonomiaren sustapena,
  • Gizarte eta komunitate ekipamendu berrien sorrera,
  • eta eskualde artikulatuagoa lortzea, arlo guztietan lankidetzarako gaitasuna duena.

 

Europako finantzaketak bultzatutako eraldaketa

Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek elkarrekin aurkeztutako Oarsoaldeako Jarduketa Plan Integratua (PAI) izan da Gipuzkoan Europako funtsen deialdi honetan ebazpen positiboa jaso duen proiektu bakarra. Euskal Autonomia Erkidego osoan, Vitoria-Gasteiz eta Sestao ere onuradun izan dira; Oarsoaldekoa izan da proiektuetan bigarrena funts-bolumenari dagokionez, hiriburua baino soilik atzetik, eta euskal autonomia erkidegoari esleitutako guztizkoaren herena baino gehiago jaso du.

Ekimen honen baitan, Oarsoaldeak guztira 14 milioi euro mobilizatuko ditu proiektu estrategikoetan, eskualdearen bizigarritasuna, jasangarritasuna eta gizarte-kohesioa hobetzeko helburuarekin.

Kopuru horretatik, Europako finantzaketak 5,5 milioi euro inguruko ekarpena egingo du —aurkeztutako guztizkoaren %40 inguru—, eta horrek bultzada ekonomiko garrantzitsua suposatuko du Oarsoaldea bizigarriagoa, jasangarriagoa eta kohesionatuagoa bihurtzeko bidean.

 

Udalerrika nabarmendutako inbertsioak

 

Pasaia

Pasaiak 2,7 milioi euroko proiektuak kudeatuko ditu, eta 1,1 milioi euro jasoko ditu gutxi gorabehera EGEF diru-laguntzen bidez. Nabarmenenak hauek dira:

  • Hurbileko ekonomiaren sustapena – 32.100 €
  • Andonaegiko espazio publikoaren birsorkuntza (2. fasea) – 963.000 €. Andonaegin hasitako hiri-eraldaketari jarraipena ematea, irisgarritasuna, espazio publikoa eta auzotarren bizi-kalitatea hobetuz.
  • Azkuene parke periurbanoko baratze eta inguruneen berroneratzea – 1.103.170 €
  • Bazterkeria-arriskuan dauden pertsonentzat eguneko zentroa, Lezo eta Oiartzun udalerriekin batera – 594.442 €

 

 

Errenteria

Errenteriako Udalak 2,4 milioi euro jasoko ditu Europako funtsen bidez, eta horrek udal-inbertsioen %35 baino gehiago estaliko du (6,8 milioi euro, 2025–2029 aldirako).

Jarduerak Galtzarabordako biziberritzea eta espazio publikoen hobekuntza izango ditu ardatz:

  • Urdaburu Parkearen berritzea eta naturaltzea – 3.120.601 €
  • Parke eta Mandoegi kaleen berrurbanizazioa – 1.009.384 €
  • Haurreskola berria eraikitzea, 2026an lanak hastea aurreikusita. 227.203,80€

 

Horrez gain,

  • Arditurri Bide Berdearen hobekuntzak, Oiartzunekin elkarlanean, eskualdeko ardatz berdea eta bidegorri-sarea indartzeko – 678.368 €
  • Beraungo merkataritza-guneen dinamizazioa – 642.000 €

 

 

Lezo

Lezoko Udalak 2 milioi eurotik gorako inbertsioak mobilizatuko ditu eta europako funtsetatik 750.000€ jasoko ditu. Proiektuak udalerriko irisgarritasuna, bizigarritasuna eta gizarte-inklusioa hobetzea dute helburu. Nabarmenenak hauek dira:

  • Jaizkibel Hiribidearen birsorkuntza eta sare oinezko- eta bizikleta-sarearen osaketa – 858.121,95 €. Udalerriko mugikortasun jasangarria eta oinezkoentzako espazioak indartzeko ekimena.
  • Altamira auzoko eta beste eremu batzuetako espazio publikoen berroneratzea – 592.173,52 €. Espazio publikoen eta irisgarritasunaren hobekuntza, auzoen berroneratzea sustatuz. Lezoko Aralar kaleko espazio publikoaren berroneratzea, SCORE programaren jarraipen gisa. 
  • Bazterkeria-arriskuan dauden pertsonentzat eguneko zentroaren egokitzapena – 594.442,84 €. Lezo, Oiartzun eta Pasaia udalerrien arteko proiektua, inklusiorako eta gizarte-babeserako gunea sortzeko.

 

 

Oiartzun

Oiartzungo Udalak ia 4 milioi euro inguruko inbertsioak egingo ditu PAI programaren bidez eta 1,4 milioi jasoko ditu europako funtsetatik herriko sare berdea, ekonomia lokala eta komunitate-bizitza indartzeko.
 

Proiektu nagusiak honako hauek dira:

  • Arditurri Bide Berdearen garapena eta sare oinezko- eta bizikleta-sarearen osaketa – 1.254.040 €. Mugikortasun jasangarria sustatzeko eta Irun–Donostia ardatzarekin loturak sendotzeko ekintza.
  • Arditurriko meatze irteeraren egokitzapena – 62.792,95 €. Ingurunea eta irisgarritasuna hobetzeko jarduketa.
  • Arditurri Bide Berdeko interpretazio-zentroaren birgaitzea (Altzibar auzoa) –214.000 €. Hiri- eta ingurumen-ondarearen balioa nabarmentzeko gunea berritzea.
  • Hurbileko ekonomiaren sustapena – 187.250 €. Bertako merkataritza eta ekonomia zirkularra indartzeko neurriak.
  • Altzibar auzoko espazio sozial, komunitario eta belaunaldiartekoaren sorrera – 1.605.000 €. Arditurri Bide Berdearekin lotutako topagune berria, bizikidetza eta komunitate-bizitza sustatzeko.

 

 

 

Eskualde bateratu eta jasangarriaren alde

Aitorpen honek erakusten du Oarsoaldearen gaitasuna elkarrekin lan egiteko, eta pertsonak eta jasangarritasuna ekintza publikoaren erdigunean jartzen dituzten proiektu eraldatzaileak diseinatzeko.

Aukeraketa honek Oarsoaldea hirigintza jasangarriaren erreferente bihurtzen du, eta frogatzen du udal elkarlana tresna eraginkorra dela Europako finantzaketa lortzeko eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko.

 


 


Oarsoaldea