OARSOALDEKO OINHERRIREN LEHENENGO TOPAKETA PASAIAN

Urriaren 1ean, Oarsoaldeko Oinherriren lehenengo topaketa burutu zen Pasaiako Juanba Berasategi kultur eraikinean. Oinherri Euskal Herriko herri hezitzaileen sarea da, eta udalerriak zein aisia, hezkuntza, kultura eta euskara arloko eragileak biltzen ditu “herri hezitzailearen” kontzeptua sustatzeko: hau da, espazio publikoa ikasketa-gune gisa ulertzen duen eta komunitatearen parte-hartze aktiboa hezkuntza-prozesuetan sustatzen duen eredua.


Topaketan Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako ordezkari politiko eta teknikoek parte hartu zuten, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko eta eskualdeko garapen agentziako kideek ere. Guztiek elkarrekin oinarriak ezarri zituzten udalerrien arteko lankidetza eredu berri baterako.


Jardunaldia bi zatitan garatu zen. Lehenengoan, Oinherrik “herri hezitzailea” kontzeptuaren inguruko azalpen teorikoa eskaini zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko partaidetzako teknikariek ekintza komunitarioaren marko estrategikoa aurkeztu zuten.


Bigarren zatian, dinamika parte-hartzaile baten bidez, herri bakoitzeko ordezkariek “hazi-proiektuak” landu zituzten. Hazi-proiektu horiek Oinherriren filosofia modu praktikoan islatzen dute: komunitatearen parte-hartzea eta euskararen erabilera sustatzen dituzten ekimen hezitzaileak dira, eta gaur egungo abiapuntutik proiektu hezitzaileago eta komunitarioago bilakatzeko gaitasuna dute.


Azken une garrantzitsua hazi-proiektu horien guztien aurkezpena eta elkarbanaketa izan zen. Prozesu horri esker, udalerrien artean errepikatzen diren behar eta erronka komunak identifikatu zituzten, eta eskualde osoaren ikuspegitik hezkuntza ulertzeko modu integral eta zabalerantz urrats bat eman zuten, ohiko eskolaren mugak gaindituz.


Aurrerantzean, konpromisoa argia da: erronka komun horiei elkarrekin heltzen jarraitzea eta horiek eskualdearen garapenerako aukera bihurtzea. Horrela, udalerri eta eragileen arteko loturak sendotuko dira, Oinherriren sarearen helburuekin bat eginez.