Udaleko ordezkaritza batek eta hainbat eragile sozio-ekonomikok Izadi enpresa bisitatu dute

Herriko ehun sozio-ekonomikoa ezagutzeko eta saretzeko ekimenen esparruan, Errenteria Udaleko, Oarsoaldea Garapen Agentziako eta herriko beste eragile sozioekonomiko ezberdinetako ordezkariek, hala nola, Don Boscoko, Ekiherri energia komunitateko eta TEKS sareko kideek, Izadi enpresa bisitatu dute aste honetan.  


Horrela, enpresa, bere negozio eredua eta lantzen ari diren ikerketa zein garapen lerro berriak ezagutzeko aukera izan zuten Beltrán Ybarra enpresaren zuzendari orokorraren eskutik. Bi ordutik gora iraun zuen bisitan, enpresak azken urteetan egindako bilakaera eta puntako teknologien alde eginiko apustua argi geratu zen. Berrikuntzaren bidez merkatu berrietan lidergoa eskuratzen ari delarik enpresa.    


Egiburuberriko pabilioietan kokatuta dagoen enpresa honek hazkunde garrantzitsua izan du azken urteetan. Horrela, 30 urteko ibilbidearen ostean, 70 langiletik gorako taldea dauka gaur egun Izadik. Azpimarratzekoa da mekanizazioa izanik bere jarduera enpresarialaren ardatza, berrikuntzaren arloan egiten ari den apustua, zeinaren bidez merkatu garrantzitsuetan lidergoa eskuratzen ari den.