HABIAN! FABRIKARENTZAT POP UP SHOP ERRENTERIA ERDIGUNEAN

 

 

Bajo este concepto de tienda efímera las artesanas de Habian! expondrán y venderán sus trabajos de joyería, moda y complementos durante un mes (del 7 de diciembre al 7 de enero) en el número 25 de la calle Santxoenea

 

Habian! Proiektua, Errenteria eta Oarsoaldeko ekonomia eraldatzeko sortu zen, sorkuntza eta elkarlanean oinarritutako eredu batean bihurtzeko eta bere egoitza Torrekua eraikinean du. Proiektuaren adarretako bat Habian! Fabrika da eta bertan, artisauek beren jarduera profesionalizatu eta egonkortzeko baliabideak dituzte, proiektua garatzeko aholkularitza eskaintzen zaie eta lanerako beharrezkoa duten ekipamendua banatzen dute elkarren artean.

Torrekua eraikineko lehenengo bi solairuetan oihalgintza eta bitxigintza jarduerak burutzeko tailerrak egokitu dira. Bertan lanean aritzeko aukera dute artisauek 3 urtez jarduera egonkortzeko eta neurrira egindako profesionalizaziorako ibilbidea diseinatzen zaie. Langintza horietan gradua eskaintzen duten ikasketa zentroek (Easo Politeknikoa eta AEG Ikastetxea), Artiola Euskal Herriko Artisauen Elkarteak eta Oarsoaldea Garapen Agentziako teknikariek laguntzen diete ibilbide horretan. Tailerrez gain, bestelako jarduera sortzaileentzat ere espazioa egokitu da Torrekuan, coworking formatuan.

Habian! Fabrika, kalean

Gabonak heldu direla aprobetxatuz artisauek Torrekuatik ateratzea erabaki dute kalean egoteko, jendartean. Egindako ekoizpena erakutsi nahi diete herritarrei, piezak zer diren azaldu, nola egin dituzten, sormen nahiz ekoizpen prozesua esplikatu. Habian! proiektua saldu eta erakutsi nahi dute, azken batean. Horretarako, Santxoenea kaleko 25 zenbakian dagoen lokal txiki bat alokatu dute eta hilabetez zabalduko dituzte ateak, abenduaren 7tik urtarrilaren 7a bitarte. Astelehenetik larunbatera irekiko dute goizez eta arratsaldez, 11:00-13:30 eta 17:00-20:00 ordutegian. Pop Up Shop edo aldi baterako denda honen bidez paregabeko pieza ikusgarriak eta bertan egindakoak erosi ahal izango dira, Gabonetako opari gisa bihurtzeko ere sekulako aukera eskainiz.

pop eus

Bertaratzen denak autore desberdinen bitxiak, jantziak eta osagarriak ikusi eta erosi ahal izango ditu. Guztira 7 dira parte hartuko duten autoreak, 5 bitxigile eta 2 moda eta oihal diseinatzaile. Bitxigileak: Idoia Lizeaga, Udane Errandonea, Maria Andueza, Jone Taberna eta Bego Fuente. Oihalgintza eta moda diseinatzaileak: Inma Gómez eta Saioa Matxain.

Errenteriako alkatea den Julen Mendozaren hitzetan “eskualdearentzat estrategikoak diren jarduerak lantzen dira Torrekuan Habian! proiektuaren bidez eta denda honek ekonomia sozialean oinarritutako proiektu hau herriarekin elkarbanatzeko balio du, zer egiten ari den erakusteko”. Eta hilaren 8an, arratsaldeko 19:00etan, egingo den irekiera ekitaldira gonbidatu nahi ditu eskualdeko herritarrak.

Beraz, etorri bisitan, ez galdu proiektua eta denda ezagutzeko aukera eta, nola ez, pieza paregabeak erosteko aukera.

 

 

 

 

 


Oarsoaldea