ELKARRIZKETA: MERTXE CORDEIRO - BADIA BERRI

«Zailtasunak dituzten kolektiboek aurrera egiteko duten gaitasunaren adibide da Badia Berri, hala nola guraso bakarreko emakumeek osatzen dutena».

Badia Berri gizarteratzeko enpresa bat da, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako Udalek sustatua, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez. 2005az geroztik, lan-merkatuan sartzeko zailtasunak zituzten 130 pertsona baino gehiago laneratzea lortu du, gehienak guraso bakarreko emakumeak.

Oarsoaldetik, martxoaren 8a emakumearen nazioarteko eguna izanik, Badia Berrira hurbildu gara, emakume horietako baten istorioa bertatik bertara ezagutzera: Mertxe Cordeiro-rena.

Kontaiguzu Mertxe, nola hasi zinen lanean Badia Berrin?

15 urterekin – eta ikastea gustatzen ez zitzaidanez –, plastikozko enpresa batean lan egiteko aukera izan nuen, zeregin ezberdinak eginez: bizar-kentzea, serigrafiatua… Baina 26 urterekin lana utzi nuen familia bat osatzeko. 41 urte bete arte ez nintzen lanera itzuli, orduan banandu eta gizarte-zerbitzuen eta Lanbideko orientatzaile baten lanari esker, Badia Berrin sartzea lortu izan nuenean. Lana ikasiz hasi nuen, nahiz eta aurretik nuen esperientzia baliagarria izan, bestelako material batean aplikatzeko, kasu honetan, kautxuan. Pixkanaka hobetzen joan nintzen, eta aurrerago, hautapen-prozesu bat egon zen arduradunaren laguntzailea izateko, eta ni aukeratu ninduten. Hobetzen jarraitu nuen, eta gaur egun, Badia Berrin hasi eta 9 urte eman eta gero, hemengo ekoizpen burua naiz.

 

Zer neurritan lagundu dizu lan honek?

Zerotik hastea beti da zaila. Ni, nire kasuan, oso gaizki sartu nintzen, banandu berria eta nire ardurapean bi seme-alaba nituela. Etxekoandre izateko bakarrik balio duzula uste duzu. Aurrera egin ahal izan nuen konstantziaz eta pertseberantziaz. Orain emakume hauei urte hauetan ikasi dudan guztia irakasten saiatzen naiz, hemendik ateratzen direnean esperientzia honek merezi izan dezan. Askok esaten didate, zu nire ama bezalakoa zara, nire irakaslea bezalakoa zara. Niretzat, emakume hauek hemendik atera eta bizitzari aurre egiteko gai direla jakitea oso pozgarria da, badakidalako neurri batean nire lana ondo egin dudala.

 

Nolakoa da eguneko jarduna Badia Berrin? Eragin handia al du kultura-aniztasunak?

Egunero galdetzen diot neure buruari: ea gaur zer gertatzen zaidan. Berezia da. Emakume asko gara, kultura desberdinetakoak, eta batzuetan konplikatua da, baina oso eramangarria. Lanera sartzean egin ohi dudan lehenengo gauza da produkzio-aginduak begiratzea, lana atal ezberdinetan antolatzeko. Ondoren, arlo bakoitzeko arduradunekin biltzen naiz, ni bezala hasi den jendea: beraiekin batera zereginak banatzen eta esleitzen joaten gara. Talde-lana, beraz, funtsezkoa da. Kultura-aniztasunak eragina izaten du batzuetan lan-metodoak komunikatzeko eta ulertzeko, baina ezer gutxi gehiago. Azken batean, hemendik irtetean zer aurki dezaketen erakusten saiatzen gara: lan-karga handia dagoenean, produktua ateratzeko estutu egiten dugu, eta gutxiago dagoenean, ulerkorragoak izaten saiatzen gara.

 

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Baikorra naiz. Nik une honetan eskatzen dudana da pertsona gehiago izatea hemen lan egiteko — barre egiten du —. Hau da, Badia Berrin 30 pertsona aritu beharrean 50 izan bagaitezke, hobeto. Gizonak, emakumeak… berdin dit, beno ez, hobe emakumeak badira, uste baitut beraientzat zailagoa dela lan-merkatuan sartzea. Badia Berrik honi erantzuten dio. Gizarteratze-enpresa bat da, zailtasunak dituzten kolektiboek aurrera egiteko duten gaitasunaren adibide da, hala nola guraso bakarreko emakumeek osatzen dutena».

 

Mertxe Cordeiro, Badia Berriko azpiegiturak erakusten bisita batean.

 

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako bidean aurrerapausoak ematen ari direla uste duzu?

 

Bai, noski, baina oraindik gauza asko daude hobetzeko. Adibidez, Badia Berrin gehienak emakumeak gara, baina gizonak ere egon dira. Eta hauei, oro har, ez zaie gustatzen emakume batek agintzea. Niri gertatu zait horrelako erantzunak jasotzea gizonezkoen partetik: "Ni zu baino zaharragoa naiz zure aginduak jasotzeko". Eta ni ez nator agintzera, irakastera baizik. Horrelako jarrerak eta xehetasunak aldatu behar direla uste dut.

Nik uste dut pertsonek beren lana eta esfortzua oinarri hartuta irabazi behar dutela lanpostua. Baldintza berdinetan. Arlo honetan behintzat gizonok eta emakumeok elkarri laguntzen badiogu, egoerak hobera egingo du.

 

Zer mezu utziko zenieke irakurtzen ari zaizkizun emakume guztiei?

Pentsa dezatela ez direla mantendutako batzuk, haiek ahal dutela, aurrera egin dezaketela. Alboan norbait baldin badute ongi, baina bakarrik ere aurrera egin dezakete. Ni aurrera atera banaiz, edonork egin dezake.

 

Ezagutu GEHIAGO BADIA BERRI proiektuari buruz:

www.badiaberri.eus