Eusko Jaurlaritzak Oiartzunen aurkeztuko du Enpresa Txiki eta Ertainei zuzendutako 2022ko laguntza-plana

  • Enpresa Txiki eta Ertainentzako (ETE) 2022ko laguntza-planak 74 programa jasotzen ditu eta aurrekontua 600 milioi baino gehiagokoa da
  • Informazio-jardunaldia datorren ekainaren 16an egingo da Zinealdean, eta enpresek programa bakoitzaren xehetasunak ezagutu ahal izango dituzte
  • Ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko Jaurlaritzaren lehentasunezko helburua betetzen lagunduko dute, eta lagungarriak izango dira Euskadiko enpresa-sarearen garapen inklusibo eta jasangarrirako ere
  • Laguntzen % 70 baino gehiago I+G+b programetara eta Trantsizio Energetikora bideratuko dira

 

Datorren ekainaren 16an Oarsoaldeko enpresek aurrez aurre ezagutu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Enpresa Txiki eta Ertainentzako 2022ko laguntza-plana. Plan horrek 74 programa biltzen ditu eta 600 milloi baino gehiagoko aurrekontua du, eta laguntza horien helburua da ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea, arreta berezia eskainiz Euskadiren garapen inklusibo eta jasangarriari. Aurten I+G+b programetara eta Trantsizio Energetikora bideratutako laguntzak Eusko Jaurlaritzak ETEei zuzendutako laguntza-programen %70 baino gehiago dira.

 

Oarsoaldea Agentziarekin elkarlanean, aurkezpena Zinealdean (Pol. Ind. Lintzirin-Gaina, Parcela A, 20180) egingo da, goizeko 9:30etik 11:30era.  Ekitaldian izango dira Aitor Urzelai SPRI taldearen zuzendari nagusia; Leyre Madariaga Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria; Ana Camacho Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendaria; Ainhoa Ondarzabal, BTI- Euskadiko Nazioartekotze Agentziako kontseilaria; Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaria; Alex Boto Ihobeko zuzendaria;  eta Raul Perez Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria, eta bakoitzak bere arloko programen xehetasunak azalduko ditu. Enpresek, beraz, laguntza-lerro bakoitzaren xehetasunak jakin ahal izango dituzte eta euren premietara ongien egokitzen dena aurkitu ahal izango dute. Ekitaldian Jesus Mari Martiarenak, Oarsoaldea Agentziaren lehendakaria eta Lezoko Alkatea, ere parte hartuko du. Laguntzen aurkezpenaren ostean, enpresek networking egin dezaten tartea egongo da. Amaitzean, tokiko enpresa bat bisitatuko da.

 

Aurkezpenera joan nahi duten enpresek aldez aurretik izena eman behar dute, esteka honen bidez: https://www.oarsoaldea.eus/enpresentzako-zerbitzuak/ete-jardunaldia

 

2022ko laguntza-lerro aipagarriak

ETEentzako laguntza-planak 2021ean 8.096 proiektu bultzatu zituen eta inbertsioa guztira 2.059 milioi eurokoa izan zen. Abiapuntua 68 laguntza-programa izan ziren, eta 430 milioi euroko inbertsioa.

 

Ekitaldi honetan laguntza hauen funtzio nagusia da sortzen ari diren aukerak aprobetxatzeko gai diren proiektuak babestea, proiektu eraldatzaileak gehienak, eta 590 milioietatik % 70etik gora I+G+b programetara eta Trantsizio Energetikora bideratuko dira. Laguntzak osatzeko, ekarpen garrantzitsuak egingo dira industrian, nazioartekotzean eta landako eta itsasertzeko ekonomia eta enplegua sustatzeko inbertsioetan.

 

Zehazki, ikerketarako, berrikuntzarako, eraldaketa digitalerako eta ekintzailetzarako laguntza-lerroaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoa Europako berrikuntza gune gisa indartzea, enpresa teknologikoen sorrera % 10 handitzea eta Euskal Autonomia Erkidegoa kokatzea tokiko industriarekin lankidetzan arituko diren nazioarteko startupen ekosistema eragile gisa. 

 

Teknologiak eta I+Gak 219.482.500,00 euroko laguntzak batzen dituzte, eta Eraldaketa Digitalerako 26.515.000,00 euroei, Berrikuntzarako 6.801.000,00 euroei eta Ekintzailetzarako 4.800.000,00 euroei batuta, guztira 257,5 milioitik gora izango dira I+G+b proiektuak sustatzeko.

 

Bestalde, industriaren garapenerako, nazioartekotzerako, energia-efizientziarako eta berriztagarrietarako eta ingurumenerako laguntzen helburua da industria eta zerbitzu aurreratuak BPGren % 40ra iristea eta energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren % 20 izatea. Gainera, berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztu nahi da, eta hondakin gutxiago sortu eta horien balorizazioa eta berrerabilera areagotu, ingurumen-estrategia zeharkako politika gisa ezarri eta uraren, lurzoruaren eta airearen ingurumen-adierazleak hobetu, biodibertsitatearen defentsa eta errespetu handiagoa lortzeko.

 

Enpresa txiki eta ertainentzako Eraldaketa Energetikorako laguntzak aurten 150.190.724,04 eurokoak dira, eta Ekonomia Zirkularrerako programetako 7 milioiak eta Bioekonomiarako 3,1 milioiak gehituta, Trantsizio Energetikorako, guztira, 160,2 milioi izango dira.

 

Lehen sektorerako laguntza-programei dagokienez, elikagaien industriak eta jasangarritasunak elikagaien ekoizpena handitu nahi dute Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lurralde-oreka handiagoa bermatu, landako eta itsasertzeko guneetan bizi eta lan egiten duten pertsonei bizi-kalitatea eskainiz. Arlo honek 66.790.000 euro izango ditu laguntza-lerro ezberdinetan.

 

Enpresa txiki eta ertainentzako 2022ko laguntza-planak industriako inbertsioetarako pentsatutako programa garrantzitsuak aurreikusten ditu, eta 85 milioi izango dira industria-garapenerako eta 19.950.000 euro nazioartekotzerako.

 

Aurkezpenak eskualdeetan

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak koordinatuta, sozietate publiko guztiak (SPRI taldea, EEE, IHOBE, URA, HAZI FUNDAZIOA eta ELIKA) elkarlanean ari dira laguntzei buruzko informazioa Euskadiko enpresa guztietara irits dadin eta enpresek laguntza horiek eskuratu ahal izan ditzaten. Horrela, Jaurlaritzak eskualdeetan informazio-jardunaldi batzuk antolatu ditu eta maiatzean eta ekainean egingo dira. Topaketa guztiak aurrez aurrekoak dira, aldez aurretik izena emanda.

 

Informazio gehiago: Katalogo digitala

Aurkezpena zabalik izango da bertan izan nahi duten komunikabideentzat. Zure komunikabideak bertan izateko interesa badu, aldez aurretik jar zaitez harremanetan hauekin:

Nora Garay / T. 677719568

Nagore García de Vicuña/ T 630986610