MINTZAGUN FILM-LABURREN EMANALDIAK ETA SARIA

Pasaiako Trintxer Kulturala elkarteak antolatutako IKUSKA Pasaiako Badiako nazioarteko film laburren erakustaldiak helburuen artean du euskarazko film laburren ekoizpena eta zabalkundea sustatzea. Kezka horretatik abiatuz, MINTZAGUN euskarazko film labur onenari SARIA ekimena jarri zuen abian 2012an, Oarsoaldeko Euskara Batzordearekin eta Lezo, Errenteria, Oiartzun eta Pasaiako Udalekin elkarlanean. Euskararentzako aukerak eta espazioak ugaritzeko helburua du ekimenak.


IKUSKAra aurkezten diren euskarazko film-laburren artean aukeraketa bat egiten du antolakuntzak eta hautatuko horiekin hainbat emanaldi egingo dira aurtengo edizioan. Mintzagun emanaldi horietako bi eskualdeko euskaltegietako ikasleei zuzenduak izango dira; azaroaren 10ean, goizeko 10:00etan Errenteriako Niessen aretoan lehena eta azaroaren 17an, goizeko 10:00etan, Trintxerpeko alkateordetzako aretoan, bigarrena.


Emanaldi horietan ikasleek gustukoen duten filma bozkatuko dute eta hortik aterako da aurtengo Mintzagun film labur onenaren saria. Horiez gain, ordea, Oiartzunen, azaroaren 9an, arratsaldeko 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan eta Lezon, azaroaren 17an, 19:00etan, Gezala aretoan, herriari irekitako doako emanaldiak ere egingo dira.


Aurten lehiaketarako hautatu diren euskarazko film-laburrak honako hauek dira: Nigandik, Haizea, Heltzear, Serendipia eta Ospel. Guztien artean ordu eta laurden pasatxoko emanaldi gozagarria eskainiko dutela agindu dute antolatzaileek.

 

                    
 


Oarsoaldea