ONGI ETORRI EUSKARARA!!

Beste herrialde batzuetatik Oarsoaldera bizitzera etorritako herritar berriak euskarara gerturatzeko eta ongi etorriak senti daitezen, sentiberatzeko kanpaina abiatu dute eskualdeko udalek beste urte batez.

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak koordinaturiko kanpaina honen bidez herritar berriek, nork bere errealitatetik eta zirkunstantzietatik, euskararanzko urrats bat egin dezaten bilatzen du, herriaren bizitzan behar bezala murgiltzeko eta, horrela, bide berriak irekitzeko.

Hizkuntza batek bizitza osorako bide batean jartzen zaitu. Bi hizkuntzek ibilbideko ate guztiak irekitzen dizkizute (Frank Smith, psikolinguista).


Bakoitzak ikusiko du nola eta noraino hurbildu nahi duen euskarara; hitz solteak eta agurrak ikasiz, seme-alabak euskal ereduan eskolatuz, bere saltokian euskararen presentzia bermatuz, elkarrizketa laburrak egiteko adina ikasiz, kultur eskaintzetara joanez... Bide zabal eta anitza eskaintzen die gure eskualdeak bere baitara etorritako pertsona horiei. Kanpaina honek euskara euren promozio sozialerako elementu gisa aurkezten die herritar berriei. Bakoitzak bere unean uneko ahalmenetik euskara kontuan izan dezan lortu nahi dute sustatzaileek eta Oarsoarrak euskara komunitatean parte hartzera animatu. 


Oarsoaldea anitza da, elkartasun osoz jokatu nahi dugu bertara etortzen diren bizilagun berriekin, elkarbizitza eta herritarren arteko ezagutza indartuz eta beti ere euskara bidelagun.


Irailaren 1etik 30era bitartean gure artean bizi diren herritar etorri berriek euskarara gerturatzeko gonbita hartuko dute hainbat bidetatik; bus geltokietako markesinak, sare sozialak, esku-orriak, bideoa, prentsa eta abar.

Kanpainako euskarriek irudi erakargarri eta koloretsua dute eta euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz dakartzate mezu eta leloak.