Uda honetan, igo San Marko gotorlekura Tren Berdean!

Errenteriako Udalak uztailaren 7tik aurrera Tren Berdearen zerbitzua martxan jarriko du bigarren urtez San Marko Gotorlekura igotzeko. Uztaila eta abuztuan zehar eskainiko da eta doakoa izango da. Irteerak orduro izango dira Tulle kaleko eta Beraun kaleko 15. Zenbaki pareko autobus geltokitik.

San Marko Gotorlekua bisitatzea plan bikaina da beti. Naturan erabat murgilduta dagoen eraikuntza izanik, bere kokapen ezin hobeari esker, euskal kostaldeko behatoki zoragarria da, bertatik Kontxako, Pasaiako eta Txingudiko badiak ikus baitaitezke, besteak beste.


Bizarain mendiaren gailurrean kokatzen den leku magiko honen bazter guztiak ezagutu itzazu. Ziurrenik Gipuzkoako begiratokirik onenetakoa! Bidaia ezazu denboran atzera eta, gotorlekua ezagutzeaz gain, Errenteriako zein Oarsoaldea eskualde osoko biztaleen nortasuna osatu duten mugarri historiko garrantzitsuenak ezagutu.
 

Gainera, gotorlekuko gune batean “Aizpitarte bidegurutzean” izeneko erakusketa berria bisitatzeko aukera izango duzu modu librean, Aizpitarteko kobazuloak barrutik nolakoak diren ezagutzeko aukera emango dizuna, Sailkatutako Kultura Ondasun gisa kalifikatuta daudenak eta ikusleentzat itxita daudenak, aurkitutako labar-pinturak eta grabatuak babesteko. Erakusketa publiko guztietan pentsatuz diseinatu da eta informazio-panelak, bideoak, jolasak eta eskulanak konbinatzen ditu.


 

Aurtengo udan plan hau are eta bikainagoa izango da. Izan ere, Errenteriako hirigunean San Marko gotorlekura igotzeko Tren Berdea hartu ahal izango da. Tulle kaleko autobus geltokian izango du geltoki nagusia, eta Beraun kaleko 15. zenbaki parean beste geldialdi bat egin ostean, herriko kale eta eraikinak atzean utzi eta Errenteriako landa eta natura eremuan murgilduko da trena.

 

Zerbitzua uztaileko eta abuztuko ostegunetan eskainiko da eta lau irteera-txanda egingo ditu trenak joan-etorria egiteko, 09:45ean, 10:45ean, 11:45ean eta 12:45ean aterako da Tulle kaletik. Ordu erdiko bidaia egin ondoren, itzulera 11:15ean, 12:15ean, 13:15ean eta 14:15ean izango da San Markon. Zerbitzua doakoa izango da eta erreserba egitea beharrezkoa izango da irteera eguna baino aste bat lehenagotik 24 ordu lehenago arte.

 

Pertsona bakoitzak gehienez 6 lekuentzako erreserba egin ahal izango du. Egunean joan-etorri bakarra egin ahal izango da eta adin txikiko guztiek arduradun batekin joan beharko dute (gehienez 6 adin txikiko pertsona heldu bakoitzeko). Bestalde, San Markon geldialdia egitea beharrezkoa izango da.

 

Ingurune paregabe honek eskaintzen digunaz denbora gehiagoz gozatu nahi dutenek eta bere kabuz Errenteriara bueltatu nahi dutenek, garraio publikoa erabiltzeko aukera badute. Zamalbide auzoraino oinez joanda, U7 autobus linea hartu baitaiteke, orduro Errenteriako hirigunea Zamalbide eta Perurenarekin lotzen duena.

  

Informazio gehiago:

Errenteriako Turismo Bulegoa

943 494 521

San Marko Gotorlekuko Informazio Puntua

943 449 638