Ane Bergara, Oarsoaldeko eskola kiroleko begiralea da Oiartzungo Elizalde eskolan. Horrez gain, Realeko nesken/emakumeen goi mailako futbol jokalaria da.

 

Ane Bergara: “Los objetivos del deporte escolar y la tecnificación del deporte, en mi caso el fútbol, creo que son totalmente complementarias”.

 

 

 

La comisión de euskera de Oarsoaldea trabaja para la promoción del uso de esta lengua en ámbitos que van desde la familia, jóvenes y niños/as, hasta el mundo laboral o la enseñanza, pasando por el comercio o el espacio lúdico.

 

Eskola kirola, aisialdi eremuaren zati garrantzitsu bat da eta hori dela eta, orain dela hamarkada batetik hona abian dagoen plan zehatz bat garatzen ari dira. Helburua eskola kirolaren garapena euskaraz egitea da, begiraleen euskararen ezagutza eta erabilera bermatuz eta baita beraien kirol prestaketa ere.

Ane Bergara, eskola kiroleko begiraleak, bere esperientzia kontatzen digu.

ane bergara

-Oarsoaldea: Nolakoa izan da zure kirol ibilbidea? Ze kirol praktikatu duzu?

Ane: Betidanik aunitz gustatu zait kirola, baina, batez ere, futbola. Txikitatik hainbat kirol praktikatu dut (esku pilota, atletismoa, futbola, igeriketa, waterpoloa). Hasieran igeriketa eta futbola aldi berean egiten nituen, baina adin batera iritsi nintzenean bi kirolen artean bat aukeratu behar izan nuen eta nire aukera futbola izan zen.

Futbolari dagokionez, Frantzian hasi nintzen Englantins taldean (talde mistoa zen, baina ni nintzen neska bakarra). Bertan  lau urte pasa nituen, 12 urterekin nire herriko taldera etorri nintzen, Gure-Txokoa, eta nesken taldean hasi nintzen. Urte betez hondartza futbolean aritu nintzen eta ondorengo hiru urteak futbol 11ean belarretan. 16 urterekin gaur egun Goi mailan jokatzen duen Iruñako Lagunak taldeak fitxatu ninduen, hori dela eta han egin nituen batxilergoko ikasketak futbolarekin tartekatuz. Iruñan bi urte pasa ondoren Bartzelonara joan nintzen Españolek fitxatuta. Bartzelonan  sei urte pasa nituen eta aurtengoa da  Realarekin egiten dudan lehenengo urtea. Urte hauetan guztietan Euskadiko selekzioarekin, Nafarroako selekzioarekin, Kataluniako selekzioarekin eta Espainiako selekzioarekin ibili naiz, emakumezkoen futbolean momentuan jokatzen ari zaren taldearen autonomiako selekzioarekin jokatu behar duzu. Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketa irabazi genuen eta Mundialean parte hartu genuen.

-Oarsoaldea: Zergatik futbola? Nola iritsi zara hain gora?

Ane: Zergatik futbola? Ba egia erran ez dakit. Nire familian ez dira hagitz futbol zaleak izan, baina niri txikitatik gustatu zait eta beti errespetatu didate hori. Beti argi izan dut ikasketak futbolaren aurretik daudela eta biak uztartu ahal izan ditut. Horretarako, gauza batzuk alde batera utzi behar izan ditut, dedikazio osoa eskaini ahal izateko bai futbolari eta bai ikasketei ere. Nahiko konstantea eta burugogorra naiz eta nire helburuak lortzen ditudan arte ez naiz gelditzen.

-Oarsoaldea: Zein da zure prestakuntza maila? Zer ikasi  duzu? Honekin lotuta, nolakoa izan da zure lan esperientzia?

A: Bartzelonan Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientziak ikasi nituen, CAP kurtsoa atera nuen eta kirol masajeko eta entrenadore pertsonaleko kurtsoak ere egin ditut. Lan esperientziari dagokionez Españoleko kirol eskolan egon nintzen hiru urtez, eta bi urtez nesken uda futbol kanpus batean.

-O: Eskola kirola gai bezala hartuta, nolakoa izan beharko luke kirolari baten hastapenak?

A: Nire iritziz, hasieran kirol ezberdinak egin behar dira, ondoren gustukoen duzun kirola aukeratu ahal izateko. Kirol ezberdin horien artean bakoitzak paper ezberdinak izatea ere interesgarria iruditzen zait, hauek nolakoak diren jakin ahal izateko.

-O: Lehen Hezkuntzan eta eskola kiroleko ibilbidean (8-16 urte artean), kirol aniztasuna edo kirol batean teknifikazioa?

 

A: Ni kirol aniztasunaren aldekoa naiz. Egia da haur batek bere gustuak argi baldin baditu ezin zaiola aniztasunaren aldera bulkatu, baina esperientzia ezberdinak bizitzearen aldekoa naiz.

-O: Haurrak ze kiroletan aritzen dira gehien? Kirol aniztasunak kirol desberdin gehiago praktikatzea eman du?

 

A: Ni egon naizen lekuetan gehien praktikatzen zen kirola futbola izan da. Aurten harriturik geratu naiz, izan ere, eskola kirolean gehien praktikatzen ditugun hiru kiroletatik -futbola, eskubaloia eta saskibaloia-,  neska gehienek futbola dutelako gustukoen.

Nire ustez kirol aniztasunak ez du kirol ezberdin gehiago praktikatzea ekarri. Nire ustez lehen praktikatzen ziren kirolak eta oraingoak antzekoak dira. Kirol ezberdinak praktikatuz esperientzia ezberdinak probatzeko aukera ematen dizu eta horren arabera zure aukera egin dezakezu.

-O: Eskola kiroleko adin tarte berean kirol klubak eta hauek sortu dituzten kirol eskolak daude. Zein izan beharko luke kirol eragile hauen lana edo jokabidea adin horretako kirolariekiko?

 

A: Nik uste haur bat kirol eskola hauetako batera joaten denean gurasoen eraginagatik dela. Beti dago goi mailara iristeko ilusioa baina hagitz zaila da. Kirol eragileen jokabidea eskola kirolekoen jokabide bera izan beharko luke. Bertze gauzen aurretik pertsona dago eta bere etorkizuna. Kirolari gutxi iristen dira goi mailara eta bertze aldetik beraien etorkizuna elaboratu behar dute.

-O: Nolakoa izan beharko luke gaztetxoekin arituko den kirol agente hauen prestakuntza?

 

A: Lehen erran dudan bezala kirolariaren aurretik pertsona dago eta haurrak heldu egin arteko bidea egiten lagundu behar zaie. Horretarako, kirol agente hauen prestakuntza eskola kirolekoaren antzeko edo berdina izan behar du. Goi mailako ikasketak izan beharko lituzkete.

-O: Kirol agente hauen profesionalizatzea eskatu beharko genuke? Zein da eskualdearen egoera?

A: Eskualdearen egoera gutxi ezagutzen dut egia erran. Urte aunitz pasa ditut hemendik kanpo eta momentuz eskola kirolaren parte hartzea handia iruditzen zait. Kirol eragileei ikasketak eta dedikazioa eskatu beharko litzaizkieke, gaur egungo gazteen etorkizuna dagoelako beraien esku, bertzeak bertze.

-O: Nolakoa da nesken parte-hartzea eskola kirolean? Kirol federatuan kirolarien kopurua handitu dela uste duzu?

 

A: Nesken parte-hartzea egokia dela iruditzen zait. Nik uste ez dela erraza neskek osaturiko taldeak atera ahal izatea. Gaur egun neskei kirola ez ezik bertze gauza asko ere gustatzen zaizkie.

 

 


Oarsoaldea