GURASO EUSKALDUNEI ZUZENDURIKO IRRATI-TARTEAK ELKARLANEAN
Esta iniciativa está impulsada entre los servicios de euskera de distintos ayuntamientos guipuzcoanos
Guraso euskaldunen hizkuntz ohituretan eragiteko irrati-tarteak entzun daitezke egun hauetan Info7 irratian, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin. Eguneroko harremanean euren artean euskaraz egiten ez duten gurasoei zuzendutako tarteak dira, euskararen erabileraren garrantziaz ohartarazteko.
Ematen den mezuaren helburua, euskararen belaunaldiz belaunaldiko transmisioan eragitea eta prozesu horretan gurasoa eragile garrantzitsua dela jabearaztea da. Gurasoen arteko hizkuntz ohiturak berebiziko garrantzia du seme-alabek hitz egiteko erabiliko duten hizkuntza zehazteko, eta beraz, familia horretako euskararen biziraupenean.
Oarsoaldean abiatu zen ekimen hau Oarsoaldeko Euskara Batzordearen eskutik, baina 2011z geroztik, hainbat euskara zerbitzuk bat egin du ekimen honekin eta egun modu bateratuan egiten dira irrati-tarteak.
Beraz, parte-hartzaile ugari ditu ekimen honek baina irratian ez dira udal hauen izenak edo sinadurak aipatzen, lelo baten bidez ixten baita mezua. Informazio idatziak horretarako parada ematen duela baliatuta, zilegi da ekimenaren atzean dauden udalak zeintzuk diren aipatzea:
Errenteriako Udala
Lezoko Udala
Oiartzungo Udala
Pasaiako Udala
Hernaniko Udala
Lasarte-Oriako Udala
Andoaingo Udala
Usurbilgo Udala
Urnietako Udala
Astigarragako Udala
Aretxabaletako Udala
Eskoriatzako Udala
Oñatiko Udala
Ordiziako Udala
Anoetako Udala
Irurako Udala
Zestoako Udala
Ainhoa Zabalok, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak adierazi duenez, parte-hartzaileek taldea zabaltzeko asmoa dute eta datozen saioetarako kide gehiago izatea espero dute. Prentsa-ohar hau aprobetxatu nahi dute oraindik ekimenean parte-hartzen ez duten euskara zerbitzuei gonbitea luzatzeko. Egoera ekonomikoak askorik laguntzen ez duen arren, adierazi dutenez, geroz eta kide gehiago izan, orduan eta lankidetza eragingarriagoa eta merkeagoa egiteko aukera izango dute ekimeneko partaideek.
Argibide gehiago nahi duenak edota parte hartu nahi duenak Oarsoaldea Garapen Agentziako Euskara Sailarekin hitz egin dezake euskara@oarsoaldea.eus helbidera idatziz.