AKTIBATUZ! EGITASMOAK DIAGNOSTIKO FASEA AMAITU ETA INPLEMENTAZIO FASEARI EKIN DIO

Oarsoaldeko kirol klubetan euskararen erabilera sustatzeko egitasmoa aurrera doa, eta urrats garrantzitsua egin berri du: diagnostiko fasea amaitu, eta inplementazio faseari ekin dio; diagnostikoaren emaitzak abenduan aurkeztuko dira.

Nabarmentzekoa da kirolari gazteekin urriaren 14an egin zen lan-saioa, egitasmoaren lehen faseari amaiera emanez. Bertan, gazte kirolarien ahotsa jaso zen, kirol klubetan dituzten bizipenak nolakoak diren aztertzeko... Hala, diagnostikoa osatzeko eta euskararen egoera ulertzeko ekarpen baliotsua izan zen.

Prozesu horretan guztian, klubetako ordezkariak, udaletako teknikariak eta Soziolinguistika Klusterra elkarlanean ari dira EMUNekin, klub bakoitzaren abiapuntua eta erritmoa errespetatuz. Askotariko bilerak egin dira eta diagnostiko faseko lanek harrera ona izan dute teknikarien zein klubetako ordezkarien aldetik.

Orain, inplementazio fasea abiatu da, urriaren 21ean egindako 3. Kirol Mahaiarekin batera. Fase berri horretan, klub bakoitza bere ekintza plana osatzen hasiko da, euskararen erabilera areagotzeko eta esperientziak partekatzeko asmoz.

Era berean, klubek konpromiso komunak hartzea sustatuko da eta elkarlanean jarraitzeko borondatea berretsi dute, euskarak kirol arloan duen lekua indartzen jarraitzeko.


Oarsoaldea