AZO!KA aurkeztu dute gaur, Errenteriako artisautza topagunea

Errenteriako Udalak artisautzaren aldeko apustu estrategikoa berretsi du aurten Azo!ka Artisautza Topagunea egitasmoaren aurkezpenarekin.

Proiektu berriak bi ardatz nagusi uztartzen ditu:

  • apirilaren 30ean egingo den topaketa profesionala eta
  • maiatzaren 1etik 3ra Merkatuzarren izango den artisautza azoka.

Helburua argia da: sektorearen lehiakortasuna indartzea eta herritarren artean artisautzaren balioa zabaltzea.

Hala aurkeztu dute Merkatuzarren Aizpea Otaegi alkateak, Ereintza Elkarteko Jone Idiazabal Garmendiak, Esti Susperregi Agustinak Zentroko zuzendariak eta Amaia Arregi Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak.

 


 


Aizpea Otaegik eman dio hasiera aurkezpenari eta egitasmoaren norabidea azpimarratu du lehenik:

Azo!karekin pauso bat harago eman nahi dugu: artisautza ez da soilik erakutsi edo saldu beharreko zerbait, baizik eta partekatu, bizi eta etorkizunera proiektatu beharreko ondarea”. Izan ere, Errenterian artisautza ez da jarduera hutsa izan, komunitatearen oroimen bizia da alkatearen hitzetan: “1979tik Ereintza Elkarteak bultzatutako 39 ediziok herria erreferente bihurtu dute Euskal Herriko artisautzan. Topagune horiek ez dira soilik erakusketa edo salmenta gune izan, transmisio eta sorkuntza kolektiboaren espazio izan dira”.


Halaxe islatu nahi izan dute topagunearen izenetik hasita. Otaegik azaldu du historikoki azoka edo merkatua truke ekomikorako eta harremanetarako gune izan dela euskal kulturan; Azo!kak, ordea, tradizio horretatik abiatuta etapa berri bat ireki nahi du Errenterian.

“Orainaren eta ondarearen arteko lotura berritua irudikatu nahi izan dugu marka berriarekin eta horrek sor dezakeen harridura ‘O!’ onomatopeiarekin bistaratu dugu. Gainera, ‘O’ letraren biraketarekin mugimendua, dinamismoa eta etengabeko berrikuntza adierazi nahi izan dugu”, esan du alkateak.


Ibilbidea eta ondarea


Ereintza Elkarteak urte luzez egindako lanari aitortza egin dio ondoren Otaegik: “Errenterian, artisautza udalerriko oroimen biziaren parte izan da, eta 39 urtez Ereintzak antolatutako Eskulangintza Azokak herriko bizitza kulturalean aztarna sakona utzi du”.


Ereintza Elkartearen izenean, Jone Idiazabal Garmendiak euren ibilbideaz hitz egin du: “Azoka ez da izan erakusketa- eta salmenta-gune hutsa. Topagune bat izan da, errekonozimendu-leku bat eta artisauen lanaren balio sozial, kultural eta ekonomikoaren adierazpen kolektiboa. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den ondare baten eraikuntzan funtsezko rola izan du”.


Hala, Azo!ka ibilbide horren lekukoa hartzera dator, baina aurrera begira jarriz: metatutako esperientziatik abiatuta, artisautza garaikidearen erronkei erantzuteko eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko sortu da.


Bi ardatz, egitarau bakarra


Jarraian, Esti Susperregi Agustinak Zentroko zuzendariak azaldu du testuinguru honetan ulertu behar dela Azo!karen izaera: azoka eta topagunea uztartzen dituen esperientzia integrala. “Tradiziotik abiatuta, egitasmoak ikuspegi garaikidea txertatzen du, artisautza esperientzia bizi, parte-hartzaile eta etengabe berritzen den zerbait gisa ulertuz”, esan du.

 


 

Egitarauaren berri ere eman du Susperregik:


Topaketa profesionala (apirilak 30, Agustinak Zentroa)


Hausnarketa eta elkarrizketarako espazioa izango da, goizez eta arratsaldez hitzaldiak eta mahai-inguruak eskainiz. Bertan, artisautzaren egungo egoera, berrikuntza, lanbideen transmisioa eta sektorearen etorkizuna bezalako gaiak landuko dituzte.



Artisautza azoka (maiatzak 1-3, Merkatuzar)


Hiru egunez, herritar guztiei irekita egongo den azokak salmenta-postuak, zuzeneko erakustaldiak eta tailer parte-hartzaileak eskainiko ditu. Programan zehar, besteak beste, zumea lantzen ikasteko tailerra, raku japoniar teknikaren erakustaldia edo artisautza-prozesu ezberdinak ezagutzeko aukera izango da. Tailerretarako izen-ematea sarrerak.errenteria.eus webgunean egin ahal izango dute interesdunek bihartik aurrera.
Halaber, ekintza osagarri gisa, Ereintza Elkartearen Euskal Herriko Eskulangintza Azokaren kartel eta irudiak biltzen dituen erakusketa bat ere izango da. Apirilaren 20tik maiatzaren 3ra izango da hori, Xenpelar Etxean eta baita Foru plazan ere.



Amaiera eta aitortzak


Amaitzeko, Aizpea Otaegi alkateak eskerrak eman dizkie Azo!ka. Artisautza topagunea posible egin duten eragile guztiei; artisautza elkarteei —Gabiltza, Arbaso eta Lur—, Holiday Inn Express hotelari, EIDEri, Rural Kutxari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.


Amaitzeko, Amaia Arregi Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusiak hartu du hitza:

Azo!ka bezalako ekimenak mugarri garrantzitsuak dira artisautza sektorearentzat; gure tradizioa bizirik mantentzeaz gain, etorkizunera begira jartzen dute, eta Gipuzkoako eredu ekonomikoaren parte aktibo eta estrategiko gisa indartzen dute. Gipuzkoako Foru Aldunditik konpromiso irmoa dugu sektorearekin, eta bidelagun izaten jarraituko dugu bere garapenean.”