BANATU DITUZTE EUSKARAREN PAPARAZZIEN SARIAK

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolaturiko Euskararen Paparazziak argazki lehiaketaren zazpigarren edizioko irabazlea nor den jakinarazi dute
Zazpigarren edizio honetara aurkeztu diren argazkien artetik onena Errenteriako Dani Novasek Kerala tabernan ateratakoa dela erabaki du epaimahaiak. Lehen hitza beti eta nonahi euskaraz egitera gonbidatzen du argazkiak era fresko eta ludiko batean. 


Aurten Euskaraldiaren testuinguruan antolaturiko argazki lehiaketa da EUSKARAREN PAPARAZZIAK. Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko, hizkuntza paisaiak duen garrantzia azpimarratzea du helburu egitasmoak. 


Euskara eta merkataritza/ostalaritza hobekien uztartzen dituzten argazkiak izaten dira baloragarri. 


Irabazleek 2025eko uztailaren 11tik abuztuaren 31ra bitartean Oarsoaldeko saltokietan gastatzeko 150 euroko ordainsaria eskuratu dute. Argazkiak ikusgai daude www.oarsoarrak.eus web gunearen multimedia atalean.


Hortxe ditugu argazkian, batetik, Dani Novas, Errenteriako euskara zinegotzi Leire Maziziorren eskutik saria jasotzen. Haiekin batera ageri dira Kerala tabernako Leti eta Txelo Clavel ahizpak. 

 

 


Kerala tabernako arduradunak pozik agertu dira euskararekin loturiko sari bat euren establezimenduan egindako argazki batek lortu duelako. Establezimenduak 9 urte bete ditu eta bezeroei euskaraz eskatzeko deia berretsi diete.

Zorionak, irabazleari!
 


Oarsoaldea