BERTAKO FRUITUA, EUSKARA! Eskualdeko frutategi eta barazki-dendetan euskararen presentzia sustatzeko lanketa aurkeztu dute udalek

 

Bertako fruitua, euskara!

Urteak dira, hogeita bederatzi zehazki, Oarsoaldeko lau udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean ari direla. Establezimendu horietan euskarak ahozko eta idatzizko presentzia handiagoa izatea du helburu egitasmoak. Horretarako, doako zerbitzu eskaintza egiten zaie (itzulpenak, maketazioa, hizkuntza-paisaia euskalduntzeko euskarriak, aholkularitza teknikoa…).


Urtero, halaber, merkataritza sektore jakin batekin lanketa berezia egin ohi da. Gaur aurkeztu dituzte, hain zuzen ere, Pasai Antxoko Josune barazki eta fruta dendan, 2026an zehar Oarsoaldeko fruta eta barazki dendei zuzenduko dizkieten ekimenak Laura Ré, Pasaiako euskara zinegotzia, Leire Mazizior, Errenteriako euskara zinegotzia, Garazi Urdanpilleta, Oiartzungo alkateordea, Iker Salaberria, Lezoko euskara zinegotzia, Josune Ibeas Alkorta, Josune fruta dendaren arduraduna eta Mari Carmen Mogilnicki, Laurak Bat-en lehendakari ordea–.

 


 

Establezimenduei laguntza

Apirilaren 1era bitartean, sektoreko establezimenduekin hitz egin dute banan bana, asmoak azaltzeko eta “Bertako fruitua, euskara!” izeneko ekimenean parte har dezaten animatzeko.


Hasteko, urteko ekintzetan parte hartuko duten establezimendu guztiei jendaurrean dituzten idatzi eta oharrak euskaraz jartzen lagunduko diete. Horrezaz gain, fruta eta barazki dendetako hiztegitxoa ere banatuko zaie. 


Maiatzaren hasieratik ekainaren hasiera bitartean frutak eta barazkiak euskaraz nola esaten diren erakusten duen A2 neurriko poster bana banatuko zaie sektoreko establezimenduei. 


Azkenik, urriaren 15etik azaroaren 15era, frutategi eta barazki dendetan euskaraz egiten duten bezeroei, irudi bidezko hiztegi tolesgarri bat banatuko zaie. Hiztegi horrek Hilario Arbelaitz sukaldariaren lau errezeta ere izango ditu sukaldean saltsan hasi nahi duenarentzako. Hiztegi horrekin batera fruta eramateko poltsa emango zaie bezeroei. 

 

50 establezimenduk egin dute bat kanpaina honekin


Guztira, 50 establezimenduk egin dute bat kanpaina honekin. Honen guztiaren inguruko berri oraindik ez duen establezimendu-jaberen bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du. Honenbestez, Aizpea Otaegik, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak, herritarrak gonbidatu ditu eguneroko bizitza euskaraz egin dezaten. Egunero, denetarako erabiltzea da euskara indartzeko modurik onena.

 


Oarsoaldea