EKIN TALENT, ekintzailetza ideia berriak proiektu bideragarri bihurtzeko laguntza programa

Oarsoaldeko talentu ekintzailea bultzatzeko proiektuak lagunduko ditu, ideiak garatu eta bideragarri bihurtzeko laguntza, baliabideak eta espazioa eskainiz.

Oarsoaldeak EKIN TALENT programa jarriko du martxan, eskualdeko talentu ekintzailea identifikatu, aktibatu eta ideia berritzaileak proiektu bideragarri bihurtzen laguntzeko. Ekintzailetzaren lehen urratsetan dauden pertsonei eta taldeei zuzendutako egitasmoa da: ideia edo aukera bat duten, baina oraindik definitu, kontrastatu edo baliozkotu behar duten horiei.

Programaren abiapuntua argia da: ideia bat izatea garrantzitsua da, baina ideia hori garatzeko denbora, tresnak, laguntza eta espazioa izatea ere bai. Horregatik, EKIN TALENTek eskualdean dagoen ekiteko gaitasuna azaleratu eta aukera berriak sustatu nahi ditu, pertsonak beren proiektuaren lehen urratsak bakarrik egin behar izan ez ditzaten.

Ekimena Enplegu eta Toki Garapeneko Planaren esparruan garatzen da, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatzen du, ekintzailetza bultzatzeko, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen laguntzeko eta lurraldean talentua erakartzen eta atxikitzen laguntzeko.

 

Nori zuzenduta dago

Kultura eta Sormen sektorea eta Ekonomia Urdinarekin lotura duten proiektuei bideratua dago.

Programa unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasleei, ekintzailetzarako interesa duten gazteei, enpresa-proiektuak dituzten langabeei eta ideia edo ekimen ekintzaile bat garatzen ari diren pertsonei zuzenduta dago. Halaber, ekonomia urdinaren eta kultura- eta sormen-industrien arloko profesionalei zuzentzen zaie, baita ideia-fasean edo enpresa sortu aurreko fasean dauden ekimenei eta spin-off baten bidez garatzeko potentziala duten hasierako faseko enpresei ere. Hartzaileek ideia, aukera edo proiektu bat dute abiapuntu, baina oraindik definitu, kontrastatu edo haren bideragarritasuna aztertu eta sendotu behar dute.

EKIN TALENT programak arreta berezia eskainiko die Ekonomia Urdinari —bestek beste, itsas teknologiei, itsasoarekin lotutako zerbitzu berritzaileei, turismo jasangarriari, ekonomia zirkularrari eta portu-jarduerei— eta Kultura eta Sormen Industriei —besteak beste, diseinuari, ikus-entzunezkoei, kultura digitalari, bideojokoei, sormen-arteei, kultura-produkzioari eta eduki digitalei—. 

 

Ideiatik proiektura, urratsez urrats

EKIN TALENTen bidez, parte-hartzaileek beren ideia landu, probatu eta sendotzeko ibilbidea egingo dute. Diagnostikoa, baliozkotzea, prototipatzea, esperimentazioa eta inkubazioa izango dira prozesuaren ardatz nagusiak.

Helburua ez da soilik negozio-ideia bat definitzea. Proposamen bakoitza errealitatearekin kontrastatzea, beharrei erantzuten dien aztertzea eta aurrera egiteko oinarri sendoak eraikitzea da programaren muina.

 

Ekiteko, denbora eta baliabideak ere behar dira

Ideia bat garatzea ez da borondate kontua bakarrik. Horretarako denbora, baliabideak eta esperimentatzeko aukera ere behar dira. Horregatik, EKIN TALENTek dedikazio-beka eta baliozkotze, garapen eta prototipoetarako funtsa aurreikusten ditu.

Parte hartzaileek 1.500 €-ko dedikazio beka bat izango dute proiektu bakoitzeko eta parte hartzen duten proiektuek 1.800 eurorainoko gastu funts bat eskuratu ahal izango dute, ekimen ekintzailearen garapenarekin, baliozkotzearekin eta esperimentazioarekin lotutako jarduerak finantzatzeko. Hautatutako proiektuak inkubazio eta ekintzailetza partekatuko espazioetan kokatuko dira.

Laguntza horren bidez, parte-hartzaileek beren proiektuan arreta handiagoz lan egin, lehen probak egin eta erabakiak informazio gehiagorekin hartu ahal izango dituzte.

 

Talentua hemen dago; aukera ematea dagokigu

EKIN TALENTek ekintzailetzaren hasierako faseari begiratzen dio bereziki. Hau da, oraindik dena erabakita ez duten pertsonei; galderak dituztenei, probatu nahi dutenei eta ideia bati forma emateko prest daudenei.

Horixe da programaren indarguneetako bat: ekintzailetza ez ulertzea soilik enpresa bat sortzeko azken urrats gisa, baizik eta ideiak esploratzeko, ikasteko, huts egiteko, berriro saiatzeko eta proiektu berriak eraikitzeko prozesu gisa.

EKIN TALENTekin batera, AGUSTINAK EKIN – Arte Eszenikoak lerro espezializatua ere garatuko da. Bi programek behar eta une desberdinei erantzuten diete: EKIN TALENTek fase goiztiarrean dagoen talentu eta ekimen ekintzailea detektatu eta laguntzen du eta urria otsaila bitartean garatuko da; arte eszenikoetako programak, berriz, dagoeneko garapen eta heldutasun handiagoa duten proiektu artistikoen profesionalizazioa eta sendotzea du helburu eta martxoa-ekaina bitartean gauzatuko da.

Oarsoaldean bada talentua, bada sormena eta bada ekiteko gogoa. EKIN TALENTen erronka da gaitasun hori azaleratzeko baldintzak sortzea, ideiak aukera bihurtzeko eta aukera horiek etorkizuneko proiektu bilakatzeko.

 

Eskaerak bidaltzeko epea: urriaren 9 arte, 23:59 arte.. 

Jaso diren eskaeren balorazioa urriaren 12ko astean egingo da. 

 

Izen-emateak

 

PROIEKTUARI BURUZKO INFORMAZIO GUZTIA