ENERGIA-ERAGINKORTASUNAREN MUNDUKO EGUNAREN HARIRA, OARSOALDEAK BAT EGITEN DU HAINBAT EKIMENEN BIDEZ
Hainbat dira eskualdeko lau udalek energia-eraginkortasunaren alde lanean jarraitzeko egiten dituzten ekimenak Garapen Agentziaren laguntzarekin batera.

Next Generation dirulaguntzen kudeaketa herritarren bizilekuen eraginkortasun energetikoa eta bizi kalitatea hobetzeko, Energia Komunitateak, Energia Bulegoa herritarrei euren energia kontsumoak murrizteko aholkuak eta dirulaguntzen berri emanez, eskualdeko enpresei enpresa-eredu energetikoa aldatzeko laguntza OTEI egitasmoaren bidez. Hainbat dira eskualdeko lau udalek energia-eraginkortasunaren alde lanean jarraitzeko egiten dituzten ekimenak Garapen Agentziaren laguntzarekin batera.
Etxebizitzen Birgaitze zerbitzutik Next Generation dirulaguntzak
Etxebizitzen Birgaitze zerbitzutik Next Generation dirulaguntzak kudeatzen gabiltza buru-belarri, eskualdeko herritarren bizilekuen eraginkortasun energetikoa eta bizi kalitatea hobetzeko asmoz. Laguntza hauek eraikinen leiho, teilatu eta fatxaden isolamenduak hobetzera bideraturik daude nagusiki, baita jatorri fosileko erregaia erabiltzen ez duten sorgailu termikoetarako ere.
Eskualde mailako Energia Komunitateak
Eskualdeko lau udalerriak euren Energia Komunitateak sortze lanetan dabiltza eta Oarsoaldeak bidelagun gisa jokatzen du hala behar dutenean.
Energia Bulegoa
Energia Bulegotik herritarrei euren energia kontsumoak murrizteko aholkuak luzatzen dizkiegu, baita energia berriztagarriei eta hauek ezartzeko eskura dauden dirulaguntzei buruzko informazioa eskaini ere; energia merkatuan murgiltzen eta mugitzen laguntzeaz gain.
Jarri harremanetan eta informa zaitez, besteak beste, faktura energetikoaren optimizazioaz, laguntza ekonomikoez, eta eskualdeko egoera energetikoaz: oarsoenergia.eus/
Energia Bulegoak herritarren eskura jarri ditu zenbait gairen bueltako aholku eta argibideak:
- Batetik, energia berriztagarriei buruzko informazioa jorratu da. Bertan, energia termikoa airetik hartzen duen sistemaren gaineko informazioa ageri da, nola funtzionatzen duen, bere abantailak eta desabantailak zeintzuk diren adierazita.
- Bestetik, argindar eta gas kontsumoa murrizteko aholku zerrenda ere landu da. Dokumentuan, xehe-xehe ageri dira gomendioak, taldeka ordenatuta (argiztapena, hozkailua, arropa…).
- Horrez gain, gizarte bonu elektrikoen bueltako lanketa egin da, besteak beste, deskontuak, onurak eta betebeharrak zeintzuk diren ohartarazita.
- Halaber, argindarren fakturetako informazioa ulertzen laguntzen duen txostena ondu da.
- Azkenik, energia merkatuak azaldu dira, tarifa arautuen eta askeen gaineko azalpen argia eskainita.
OTEI- Oarsoaldeko Trantsizio Energetiko Industriala
Eskualdeko enpresa eta ekonomia sarearen energia-efizientziari dagokionez, OTEI egitasmoa jarri dute abian. Enpresek aurrezteko ahalmen handia dute eta Oarsoaldetik lagundu egin nahi diegu, enpresa-eredu energetikoa aldatzeko aukera emanez. Nola? Oarsoaldeko enpresa txiki eta ertainetan energia- eta ingurumen-trantsizioa sustatuz, analisi energetikoak eginez. Energiari dagokionez gero eta eraginkorragoak izateko gomendioak ematea, dirulaguntzei eta laguntzei buruzko informazioa ematea, eta, hala badagokio, energia berriztagarriak martxan jartzea bultzatzea, betiere enpresak eraginkorragoak, jasangarriagoak eta ingurumena errespetatzen dutenak izan daitezen.
Infor+: https://www.oarsoaldea.eus/otei-oarsoaldeko-trantsizio-energetiko-industriala