Euskadi Agenda 2030arekiko Oarsoaldea Garapen Agentziaren konpromisoa berretsi dute
Oarsoaldea Garapen Agentziak Agenda 2030arekin duen konpromisoagatik errekonozimendu ziurtagiria jaso du apirilaren 29an Bilboko Euskalduna Jauregian Eusko Jaurlaritzak, Asier Aranbarri Lehendakaritzako Gizarte Berrikuntza eta Agenda 2030en zuzendaria buru izan duen ekitaldian.
Sari hau Gizarte Berrikuntza eta Agenda 2030 Zuzendaritzak bultzatu du, Lehendakaritzako Komunikazio eta Gizarte Berrikuntzako Idazkaritza Nagusiaren bidez. Helburua da Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) kudeaketan lehiakortasun iraunkorreko elementu gisa integratzearen garrantzia sustatzea eta erakundeen konpromiso eraginkorra indartzea.
Gure jardunean, helburua, eguneroko lana eta jasangarritasunaren printzipioak modu koherentean uztartzen ditugu. Izan ere, guretzat jasangarritasuna ez da aparteko atal bat; egiten dugunaren oinarria eta gidalerroa da, gure estrategiaren bidez lurraldean eragin positiboa sortzea helburu duena.
Aitortza hau agentziak egindako diagnostikoa, ekintza plana eta adierazleen definizioa aztertu ondoren eman da, eta erakundearen jarduera Agenda 2030arekin modu egituratuan lerrokatzeko egindako lana balioan jartzen du. Horretarako, EUSKALIT Fundazioak ebaluaziorako online plataforma bat garatu du, eta erakunde eta enpresei kanpo-kontrasterako zerbitzua ematen die, GJHak kudeaketan txertatzeko Markoa erreferente hartuta.
Oarsoaldea Garapen Agentziaren jarduerak Garapen Jasangarrirako Helburu askorekin lotura badu ere, gure jardunak 10 GJH hauekin du batez ere harremana:
(4) Kalitatezko hezkuntza, (5) Genero-berdintasuna, (7) Energia eskuragarri eta ez-kutsatzailea, (8) Lan duina eta hazkunde ekonomikoa, (9) Industria, berrikuntza eta azpiegiturak, (10) Desberdintasunak murriztea, (12) Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, (16) Bakea, justizia eta erakunde sendoak, (17) GJHak lortzeko aliantzak, (18) Hizkuntza eta kultura aniztasuna.
Gizarte-ingurunean eta kolektibo kalteberetan eragin positiboa dugu, 2025.urtean esaterako, 31.509 pertsona eta enpresa lagundu ditugu; 5.374 gehiago aurreko urtearekin alderatuta, horrek indarra ematen duelarik lanean jarraitzeko.
Prozesu estrategiko bat, eguneroko jardueratik abiatuta
Agentziarentzat Agenda 2030arekin lan egitea ez da izan kanpotik ezarritako ariketa bat, baizik eta jada egiten ziren jarduerak ikuspegi estrategiko batean kokatzeko prozesua.
Barne hausnarketa horren bidez, lehentasunezko Garapen Jasangarrirako Helburuak identifikatu dira, eta konpromiso hori kalitate politikan bertan txertatu da. Horretarako, 2006tik martxan dagoen ISO 9001 kalitate sistemak oinarri sendoa eman du.
Gaur egun, kudeaketa plana egokituta dago, eta Power BI bezalako tresnei esker, ekintza lerro bakoitza zein GJHekin lotuta dagoen modu argian jarraitu daiteke.
Neurketa eta hobekuntza etengabea
Agentziak ez du soilik zer egiten duen neurtzen, baizik eta egiten duen horrek zer eragin duen ere aztertzen du. Horretarako, hiru ardatz nagusitan oinarritutako ikuspegi etikoa definitu du:
- Pobrezia prebenitzea eta oparotasuna partekatzea
- Berdintasuna sustatzea eta diskriminazioa saihestea
- Ingurumen inpaktua murriztea
Ardatz horien gainean, adierazle etikoak, inpaktu adierazleak eta kudeaketa adierazleak egituratu dira.
Ekintza konkretuak, eragin errealarekin
Estrategia hori ez da maila teorikoan geratzen, baizik eta lurraldean garatzen diren ekimenetan islatzen da.
Besteak beste, azken urtean egindakoaren zertzelada:
- 1.459 langabetuei laguntza eskaini diegu eta 634k enplegu programetan parte hartu dute. Kudeaturiko lanpostuen intserzio indizea %73,28koa izan da.
- 562 enpresek eta ekintzaileek parte hartu dute beraien egoera hobetzen laguntzen duten programetan eta zerbitzuetan parte hartuz.
- Energia bulegoan 281 hitzordu izan ditugu herritarrei energia kontsumoaren inguruan zalantzak argitzeko.
- Birgaitze bulegoetan, 388 eskaera jaso ditugu eta zaurgarri egoeran zeuden eskaeren kopurua 582koa izan da.
- Euskara sustapenerako ekimenak 5.260 familietara iritsi da eta 505 gazteen parte hartzea izan dugu ekimenetan.
- 1.340 eskaera jaso ditugu kontsumo bulegoan herritarren eskubideak babesteko eta erreklamazioen %70a konpondu dira.
Azkenik, ezarritako azken egitasmoen artean honako hauek nabarmentzen dira:
SCORE proiektu europearraren barruan naturan oinarritutako konponbideak ezarri dira 2025.urtean; eskualdean pobrezi energetikoaren inguruko diagnostikoa egiten ari gara; mugikortasun jasangarria sustatzeko, Oarsolan zentrora bizikletaz etortzeko azpiegiturak jarri dira martxan; Eskola Kirola programaren bidez, mugikortasun jasangarriaren sustapena, haur eta gaztek parte hartzen dute, balio jasangarriak eta ingurumenarekiko errespetua sustatuz; Badia Berri bezalako gizarteratze enpresekin elkarlanean, inklusioa eta lan aukerak bultzatzen dira; ekonomia zirkularra indartzeko Biratu programa garatzen da, enpresen eraldaketa jasangarria lagunduz; eta turismoaren arloan, Kode Etikoa bezalako ekimenen bidez, praktika arduratsuak eta baliabide naturalen babesa sustatzen dira enpresa turistikoetan.
Gainera, agentziaren azpiegituretan bertan ere jasangarritasuna txertatu da, energia eraginkortasuna, argi naturalaren aprobetxamendua edo kontsumo arduratsua bezalako neurriak aplikatuz OARSOLAN Inklusio eta Enplegurako berrikuntza zentro berrian.
Etorkizunera begira
Jasotako aitortzak egindako lana berresten duen arren, Oarsoaldea Garapen Agentziak argi du hau etengabeko hobekuntza prozesu baten beste urrats bat dela eta lan asko dagoela egiteko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen bideak eta moduen bitartez hurrengo urratsak ematen jarraitu nahi du.
Helburua ez da Agenda 2030arekin lerrokatzea soilik, baizik eta Oarsoaldeko udalerrietan, enpresetan, pertsonengan eta ingurunean eragin positiboa sortzen jarraitzea. Aizpea Otaegi Oarsoaldea Garapen Agentziako presidenteak adierazi duenez, komunitatean egiten dugun lanak gizartearen ongizatean eragiteak gero eta garrantzi handiagoa duela erakusten du.