FAMILIAN GOZATZEKO PLANAK ERRENTERIAN
Familian gozatzeko planen bila bazabiltzate, Errenteria leku egokia da. Herri honek jarduera ezin hobeak eskaintzen ditu, bai neskek, bai mutilek, bai helduek une ahaztezinak igaro ditzaten. Hona hemen proposamen batzuk:
San Markoko gotorlekua: historia eta abentura
San Marko Gotorlekua ezinbesteko bisita da Errenterian. Asteburuetan irekita, karlisten garaiko eraikin ikusgarri honek bisita gidatuak eskaintzen ditu, etxeko txikientzat egokitutako bertsioarekin. Leku honetan paseatzeak tunelak, pasabideak eta bista ikusgarriak ezagutzeko aukera emango dizue. Gotorlekutik kanpo haurrentzako parke bat ere badago, naturaz inguratutako ingurune idiliko batean. Plan ezin hobea da egun bakarrean historia eta abentura uztartzeko.
Ordutegia: Asteburuetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Irailaren 29ra arte.
Fanderia: Begira nola ehotzen duen errota zahar batek!
Museo bihurtutako antzinako errota honetan, XV. mendeko Fanderiako errotaren historia ezagutu ahal izango duzue. Gainera, bere mekanismoa eta ehotze-harria martxan ikusiko dituzue.
Errota ibaiaren interpretazio-zentroa ere bada, eta bere helburua ingurumen- eta kultura-ondarea ezagutaraztea eta kontserbatzea da, leku honetako protagonista nagusia ibaia baita.
Museorako sarrera doakoa da eta hilabete bakoitzeko bigarren asteburuan bisitatu daiteke. Gainera, hirugarren astebururo ekintza ezberdin bat antolatzen da, beraz, agenda kontsultatzea gomendatzen dizuegu.
Ordutegia: Hileko bigarren asteburua 10:30-14:00.
Errenteriako natura ezagutzeko ibilbide gidatuak
Errenteria aberatsa da paisaietan eta natura-ondarean. Hori dela eta, udalak eskaintzen dituen doako ibilbide gidatuak aukera bikaina dira familiarekin gozatzeko eta udalerriaren inguruko ingurune hori ezagutzeko, bai Aiako Harria Parke Naturalean, bai Lau Haizeta Parkean. Ibilaldi gidatu hauei esker, modu dibertigarri eta hezigarrian bertako flora, fauna eta ondareari buruz ikasteko aukera dago.
Guztira, abuztuko, iraileko eta urriko asteburuetan lau ibilbide daude adostuta egutegian: Añarbeko baso erreserba, aztarna paleolitikoak Aizpitarteko kobazuloetan, Lau Haizeta parkea eta bertako monumentu megalitikoak eta Aldura, Pertsele eta Igantzi inguruak.
Informazio gehiago eta erreserbak: Errenteriako turismo bulegoa 943 494 521 turismoa@oarsoaldea.eus
Orientazioa Listorretan: Ginkana aire zabalean
Abentura gustatzen bazaizue, plan hau izugarri gustatuko zaizue. Listorretako aisialdi gunean, informazio bulegoan, zailtasun maila ezberdineko orientazio mapa bat lor dezakezue, iparrorratz bat hartu eta naturan murgilduta abenturara abiatu. Jarduera ezin hobea da orientazioaren zentzua garatzeko eta aire zabalean eta familian denbora aktiboa igarotzeko. Dibertsioa eta ikaskuntza ziurtatuta!
Bulegoaren ordutegia: ostegunetan 08:30-14:00; ostiral, larunbat, igande eta jaiegunetan 08:30-14:00 eta 15:00-18:30. Irailaren 29ra arte.
Mapak deskargatzeko: https://herribizia.errenteria.eus/orientazioa/
Alde Zaharretik kalez kale, pistei jarraituz
Errenteriako alde zaharra esploratzea benetako abentura bihur daiteke txikientzako diseinatutako pista-mapa batekin egiten baduzu. Umeek pistak jarraitu, xarma duten txokoak ezagutu eta herriko historiari buruz ikasteko aukera izango dute, ondo pasatzen duten bitartean. Hiria ezagutzeko modu ezberdin eta entretenigarria da.
Mapa turismo bulegoan eskuratu edo webgunetik jaitsi dezakezue.
Ordutegia: asteartetik larunbatera 10:00-14:00 eta 16:00-18:00, igandea 10:00-14:00.
Deskargatu hemen pistak!
Nola ikusten duzue zuen burua garai bateko arroparekin? Jantziaren Zentrora bisita
Errenteriako hirigune historikoko XVII. mendeko eraikin bikain batean dago Jantziaren Zentroa.
Bertan denboran zehar bidaia interesgarri bat egin ahal izango duzue eta janzkerak mendeetan zehar izan duen bilakaera ezagutu!
Ordutegia: larunbatetan, 11:00-14:00 eta 17:00-20:00; igande eta jaiegunetan, 11:00-14:00.
Atlantikaldia: Adin guztietarako kultura eta dibertsioa
Irailaren 19tik 22ra, kulturen arteko topaketak eta Atlantikaldia musika jaialdiak bizi-bizi beteko dute Errenteria. Artxipelagoak lelopean, itsasoak Errenteriarekin izan duen garrantzia berreskuratu eta kulturen arteko topagunea izan nahi duen ekitaldi honek egitarau zabala eskaintzen du adin guztietarako jarduerekin, kontzertuetatik hasi eta kale tailer eta ikuskizunetaraino. Aukera ezin hobea da familian kulturaz eta musikaz gozatzeko, egun hauetan Errenteriako kaleak beteko dituen jai giroan.
Datak: irailaren 19tik 22ra.
Informazio gehiago: www.atlantikaldia.errenteria.eus
OARSOALDEAko TURISMO BULEGOA
Madalen kalea 3, 20100 Errenteria
943 494 521