Klik batek ere hizkuntza bat eraikitzen du: errenta euskaraz egiteko gonbita Oarsoaldean
Errenta aitorpena egiterakoan, segundo bateko erabakia da hizkuntza aukeratzea. Aukera txiki bat dirudi, baina badu eragina.
2025eko errenta aitorpenaren kanpainaren atarian, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek herritarrei gonbita luzatu diete: errenta aitorpena euskaraz egitea eta, oro har, ogasunarekiko harremanak euskaraz izatea.
Azken urteotan gero eta gehiago dira Oarsoaldean errenta euskaraz egiten duten herritarrak. Joera horrek erakusten du administrazioarekiko harremanetan ere euskarak bere lekua hartzen duela, pixkanaka eta modu naturalean.
Errenta aitorpena euskaraz egitea erraza da. Gipuzkoako Foru Ogasunak bidaltzen duen autolikidazio proposamena onartzerakoan hizkuntza hauta daiteke, baita aitorpena internet bidez edo ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egiterakoan ere.
Udalek azpimarratu dute hautu horiek eguneroko erabakien parte direla, eta horien bidez eraikitzen dela administrazioarekin euskaraz aritzeko aukera. “Ez da ahalegin handia, baina bai norabide bat markatzen duen keinu bat”, nabarmendu dute Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako euskara zinegotziek.
Kanpainari lotuta, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bidez, lau udalerrietan zozketa bana egingo da: errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren artean bi lagunentzako otordu bana banatuko da herri bakoitzean.
Zozketan parte hartzeko, hainbat bide egongo dira: online formularioak (WhatsApp bidez edo www.oarsoarrak.eus webgunean), karteletako QR kodeak edo leku publikoetan eskuragarri egongo diren txartelak.
Errenta aitorpena egitea urtero errepikatzen den tramitea da. Baina hizkuntza aukeratzea, kasu honetan ere, norberaren esku dago.
Aurten ere, aukera bat duzu: errenta euskaraz egitea.