LEZO BONUAK BUELTAN!

Zabalik dago tokiko establezimenduentzako Lezo Bonuak programari atxikitzeko epea. 


Lezoko Udalak eta Lezokoak Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak jakinarazi dutenez, datorren irailaren 15etik aurrera, interesa duten establezimenduek Lezo Bonuak ekimenari atxikitzea eskatu ahal izango dute.

Hurbileko merkataritza indartzeko, tokiko kontsumitzaileen fideltasuna saritzeko eta udalerriko ekonomian eragin positiboa izateko.


Lezoko Udalak, Lezokoak elkarteak eta Oarsoaldea Garapen Agentziak ekimen honetan parte hartzera animatu ditu bertako establezimendu guztiak, hurbileko merkataritza indartzeko tresna eraginkorra dela erakutsi baitu.

Parte hartzeko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Lezoko establezimendu guztiak atxiki ahal izango dira ekimenera, Lezokoak elkarteko kide diren ala ez alde batera utzita.

 


 

Epea irailak 29

Eskaerak aurkezteko epea irailaren 29ra arte egongo da zabalik, eta tramitea online egin beharko da, Oarsoaldeko laguntza eta dirulaguntzen atariaren bidez.

Prozesua osatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da establezimendu eskatzailearen identifikazio digitala ahalbidetuko duen ziurtagiri elektronikoa izatea.


Programari buruzko informazio guztia hemen duzue eskuragarri; oinarriak, baldintzak eta beharrezko dokumentazioa.

Bonu bakoitzak 3,5 €-ko prezioa du, eta 5 €-ko erosketak egin daitezke. 1,5 euroko aldea Udalak bere gain hartuko du. Bonu horiek 2025eko urriaren 13tik azaroaren 30era arte izango dute balioa, eta 18 urtetik gorakoek eskuratu ahal izango dituzte.

Bonuak erosi diren salmenta-puntuan erabili beharko dira, eta gutxienez 5 €-ko erosketa egin beharko da. Erosketa-prezioa erabiliko diren bonuen zenbatekoa baino txikiagoa bada, ez da eskudirutan itzuliko.

 

Laguntza Zerbitzua

Oarsoaldea Garapen Agentziak aholkularitza eta laguntza zerbitzua eskaintzen die interesa duten establezimenduei, bai zalantzak argitzeko, bai izapideak errazteko eta eskabideak aurkezteko.

Horretarako, negozioen arduradunak zuzenean jar daitezke harremanetan Oarsoaldeko talde teknikoarekin 943 494 129 telefonoaren bidez edo enpresa@oarsoaldea.eus  helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.

 

Kontsultak egiteko azken unera arte ez itxarotea gomendatzen da, arreta egokia eta pertsonalizatua bermatzeko.

 

Bonoak erabiltzeko argibideak.