MerkaEkin 2026 laguntzak zabalik daude merkataritza-ekintzailetza sustatzeko

Tokiko merkataritza indartzeko eta ekintzailetza sustatzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak MerkaEkin 2026 laguntza-programaren deialdia argitaratu du. Laguntza hauek merkataritza-proiektu berriak martxan jartzea, dagoeneko martxan dauden negozioak dibertsifikatzea eta belaunaldi-erreleboa zein negozioen jarraipena erraztea dute xede, herrietako jarduera ekonomikoa eta gertuko merkataritza sare bizia sendotzen lagunduz.


Laguntzak bi ildotan banatzen dira:


Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza


Negozio-plan bat garatzeko aholkularitza teknikoa finantzatzen du. Laguntza honen bidez, ekintzaileek beren negozio-ideia heldu eta bideragarritasun azterketa egiteko aukera izango dute.
Dirulaguntzak onartutako gastuaren %80 estaltzen du, gehienez 5.000 euroraino, eta gutxienez 25 aholkularitza-ordu jaso beharko dira.


Merkataritza-Ekintzaile Ekin+


Negozio berriak martxan jartzeko edo jarduera berriak garatzeko beharrezkoak diren inbertsioak eta gastuak finantzatzeko laguntzak dira.
Diruz lagundu daitezkeen inbertsioen artean daude:

  • Merkataritza-lokalaren egokitzapena eta instalazio teknikoak.
  • Altzariak eta ekipamendua.
  • Makineria espezializatua.
  • Teknologia eta digitalizazioarekin lotutako ekipamenduak.
  • Ibilgailuak erostea.
  • Negozio-eskualdatze eskubideak.


Era berean, gastu hauek ere lagundu daitezke:

  • Eraketa-gastuak.
  • Lokalari lotutako gastuak.
  • Marketin eta sustapen jarduerak.
  • Prestakuntza espezializatua.
  • Negozioa garatzeko azterketa estrategikoak.
  • Leasing, renting eta ibilgailuen alokairua.


Inbertsioetarako laguntzak gehienez 25.000 eurokoak izan daitezke, eta gastuetarako laguntzak gehienez 7.500 eurokoak.


Norentzat dira laguntzak?


Laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako kaleko merkataritza-establezimenduei zuzenduta daude, besteak beste:

  • Elikadura eta edarien txikizkako merkataritza.
  • Elikaduraz bestelako produktuen txikizkako merkataritza.
  • Merkataritza mistoa edo integratua.
  • Etxerako gai elektrikoen eta bestelako kontsumo-ondasunen konponketa.
  • Zerbitzu pertsonalak.


Gauzatzea: 2026/01/01etik 2026/12/31ra, biak barne.

 

Eskaerak aurkezteko epea


Eskabideak 2026ko irailaren 15era aurkeztu ahal izango dira, edo aurrekontua agortu arte.
Laguntzak eskabideak jasotzen diren hurrenkeran emango dira; beraz, interesa duten pertsonei eta enpresei eskaera lehenbailehen egitea gomendatzen zaie.

 

Informazio gehiago


Laguntzen oinarriak eta eskaera egiteko informazio guztia Eusko Jaurlaritzaren webgunean kontsulta daiteke:


MerkaEkin 2026 merkataritza-ekintzailetzarako laguntzen deialdia - Eusko Jaurlaritza
 


Oarsoaldea