MULTIKIROLA DA BIDEA: PROBATU GABE EZ DAGO JAKITERIK
Maiatzaren 11tik 22ra zabalik izango da 2026-2027 ikasturteko Eskola Kirolean izena emateko epea
Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek 2026-2027 ikasturterako Eskola Kirolean izena emateko kanpaina aurkeztu dute, mezu argi batekin: haurrei kirola modu anitzean bizitzeko aukera eman behar zaie, esperimentatzeko, ikasteko eta, batez ere, gozatzeko. Horretarako, Multikirola programa dela biderik egokiena nabarmendu dute.
Haur eta gazteak erdigunean jartzen duen eredua
Azken hamarkadetan lau udalerriek elkarlanean garatu dute Eskola Kirolaren eredua, eta esperientziak erakutsi du jarduera aniztasunak balio handia duela haurren garapenean. Multikirolak ez du soilik jarduera fisikoa sustatzen; haurrei kirol ezberdinak ezagutzeko, euren gaitasunak modu naturalean garatzeko eta presiorik gabe euren gustuak eta motibazioak aurkitzeko aukera eskaintzen die.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, adin goiztiarretan kirol bakarrean espezializatzea baino aberasgarriagoa da hainbat jarduera probatzea. Izan ere, Multikirolaren bidez koordinazioa, talde-lana, errespetua, autonomia eta harreman sozialak lantzen dira, haur bakoitzaren erritmoa eta ongizatea erdigunean jarriz. Helburua ez da soilik kirola egitea, baizik eta kirolarekiko harreman osasuntsu eta iraunkorra eraikitzea.
Gipuzkoako hastapen eredua aldarrikatuz
Kanpainaren aurkezpenean parte hartu dute Leire Mazizior Errenteriako kirol zinegotziak, Eneritz Arruti Lezoko kirol zinegotziak, Edorta Fernández Oiartzungo kirol zinegotziak eta Julen Rodríguez Pasaiako kirol zinegotziak. Bertan, Gipuzkoan urte luzez garatu den Eskola Kiroleko hastapen eredua balioan jarri eta defendatu dute, haurra ardatz duen ikuspegi pedagogikoa aldarrikatuz.
Baldintza erakargarriagoak datorren ikasturterako
Gainera, jakinarazi dute datorren ikasturtean Eskola Kirolaren eskaintza baldintza erakargarriagoetan garatuko dela. Horrela, izena emateko epea maiatzaren 11tik 22ra izango da, eta kuotak nabarmen murriztu dira:
- Multikirola eta EKE programaren urte osoko kuota: 60 euro
- JolasHezi programaren urte osoko kuota: 30 euro
- 2025-2026 ikasturtean Hezkuntza Saileko bekadun izan diren haurrek (garraio-bekak salbu): doako matrikula
Neurri horien helburua aukera berdintasuna sustatzea eta familia gehiagori Eskola Kirolera sarbidea erraztea dela azpimarratu dute.
Multikirola lehenetsiko da Benjamin eta alebin mailetan
Era berean, lau udalerriek berretsi dute Gipuzkoan indarrean egon den kirol hastapeneko eredua babesten dutela. Horrenbestez, Oarsoaldeko kirol instalazioetan benjamin eta alebin mailetan Multikirola programa lehenetsiko da. Programa horrek aste barruko bi saio eta larunbatetako topaketak barne hartzen ditu.
Kirol eskolek, berriz, hastapen jarduera hori osatzeko aukera izango dute aste barruko saio batekin. Alebinetako bigarren urteko haurrek, salbuespen gisa, bigarren saio bat egiteko aukera izan dezakete kirol eskolaren iritziz egokia bada. Asteburuetako jarduerak egiten direnean, igandeetan antolatzea lehenetsiko da, familia kontziliazioa errespetatzeko eta haurren gainkarga saihesteko.
Izen-emateak ikastetxeetan egingo dira
Azken urteotan bezala, Multikirola, JolasHezi eta Eskola Kirol Egokituko (EKE) programetan parte hartzeko izen-emateak ikastetxeetan egin beharko dira.
Probatu gabe ez dago jakiterik
Aurtengo sustapen kanpainaren leloa argia da: “MULTIKIROLA DA BIDEA. PROBATU GABE EZ DAGO JAKITERIK”. Mezu horren bidez, familiei gogorarazi nahi diete haurrek aukerak behar dituztela beren interesak deskubritzeko, esperientzia berriak bizitzeko eta kirolaz askatasunez gozatzeko.
Izan ere, Multikirola ez da soilik kirola egitea: bizipenak dira, lagunak dira, konfiantza da eta etorkizunerako oinarri sendoak eraikitzeko espazioa da. Aldi berean, haur eta gazteen ongizatea, aukera berdintasuna eta ohitura osasungarriak sustatuz, Oarsoaldeko udalerriek Agenda 2030aren helburuekin bat egiten dute, komunitate osasuntsuago eta kohesionatuago baten aldeko apustua eginez.