OARSOALDEA: "HEMEN" BERTAN EGITEKO PLANAK

Batzuetan, urrutira jotzen dugu plan berezien bila, konturatu gabe gure ondoan badirela harrituko gaituzten txokoak. Martxoko zubian Oarsoaldean gelditzeko gonbitea luzatzen dizuegu herritar zein txangozaleei. Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia prest daude euren benetako aurpegia erakusteko, kultura, ondarea, itsasoa eta natura uztartzen dituen agenda oparo batekin.

Martxoaren erdialdeko jaiegun hauetan, Pasaian itsas-historia eta abentura batzen dira.
Albaola Itsas Kultur Faktorian "Ozentziyo" atunontziaren zaharberritze lanekin erakusketa berria daukagu. Etxeko txikienek "Txisturen koadernoa" jasoko dute doan, museoa modu dibertigarrian ezagutzeko. Gainera, martxoaren 21ean, Euskadi Turismo de Novela-ren eskutik bisita gidatu berezia

egingo da Pasaiako alde zaharretan. Kirolzaleentzat ere badago zer ikusia: martxoaren 22an,
Donostia-Hondarribia Talaia bidea mendi lasterketa Pasaiatik igaroko da. Lasterkariek Ulia mendia jaitsi eta San Pedrotik Donibanera motora gurutzatuko dute portua, ondoren Jaizkibelgo bideari ekiteko.

MATER ontzi-museoak ere aukera bitxia eskaintzen du egun hauetan: martxoaren 16tik 20ra ontziolan izango da MATER, baina konponketa eta margotze lanetan boluntario gisa parte hartzeko aukera izango du bertaratzen denak.


Herri-giroa eta sormena izango dira protagonista Lezon. Martxoaren 21ean, Kantujirak alaituko ditu herriko kaleak 12:30etik aurrera, Aiton Bordatik hasita. Kultura eskaintza borobiltzeko, martxoaren 22an, igandea, Gezala auditoriumak
"Una mera curiosidad" antzezlana hartuko du 19:30ean. Artemisia Gentileschi margolari barrokoaren istorioan murgiltzeko aukera paregabea izango da.

Oiartzunen, gure ondarearen alderik berezienak ezagutzeko aukera egongo da.

Soinuenea herri-musikaren txokoak "Erraldoi txikiak" erakustaldia antolatu du martxoaren 18rako , eta martxoaren 22an, 12:00etan, Dantza-plazan saioa eskainiko du herritarren gozamenerako. Naturaren eta geologiaren zaleek ere badute plana: martxoaren 21ean,
Luberri Museoak mineral fluoreszenteen tailer praktikoa eskainiko du lurraren sekretuak modu harrigarrian deskubritzeko.

Errenterian, berriz,
Jantziaren Zentroan "Gaua" erakusketa ikusteko azken aukera izango da asteburu honetan.

Plan hauetako batzuetarako izena eman behar denez, gomendagarria da informazio guztia www.oarsoaldeaturismoa.eus webgunean kontsultatzea edo eskualdeko turismo bulegoan galdetzea.

 
EGUNEZ EGUNGO EGITARAUA

MARTXOKO ZUBIA

  • Martxoak 18: 
    • 17:00: Erraldoi txikiak, Kontzejupe plazan (Oiartzun).
  • Martxoak 21:
    • 10:00: Euskadi Turismo de Novelaren bisita gidatu berezia (Pasaia).
    • 11:00 eta 16:00: Mineral fluoreszenteen tailerra, Luberri (Oiartzun).
    • 12:30: Kantujira, Aiton Bordatik hasita (Lezo).
  • Martxoak 22:
    • 09:30: Hondarribia-Talaia-Donostia lasterketa Pasaiatik igarotzen.
    • 12:00: Dantza-plazan, Doneztebe plazan (Oiartzun).
    • 19:30: “Una mera curiosidad” antzezlana (Lezo).

 

OARSOALDEKO TURISMO BULEGOA

Madalen kalea 3, Errenteria

943 494 521

turismoa@oarsoaldea.eus