Oarsoaldeak garraio astunaren erronkari aurre egiteko bide-orria aurkeztu die eskualdeko enpresei

Eskualdean egunero 9.000 kamioi baino gehiago mugitzen direla ondorioztatu du diagnostikoak, eta mugikortasuna, bizi-kalitatea eta enpresen lehiakortasuna uztartzeko neurri sorta bat proposatu du.


Oarsoaldeko lau udalek, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren laguntzarekin sustatutako Garraio Astunaren Diagnostikoaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur OARSOLANen egindako jardunaldian. Azterlanaren helburua izan da eskualdeko garraio astunaren egungo egoera zehaztasunez ezagutzea eta etorkizunerako irtenbide bideragarriak proposatzea, industriaren lehiakortasuna eta herritarren bizi-kalitatea uztartzeko. Horretarako, ezinbestekoa da eskualdeko enpresek diagnostikoaren emaitzak bertatik bertara ezagutzea.


9.000 kamioitik gora egunero

Azterlanak agerian utzi du Oarsoaldeak garraio astunaren presio handia jasaten duela. Diagnostikoaren arabera, 9.154 kamioi inguru igarotzen dira egunero eskualdetik, eta garraio horren zati handi bat Lezoko herrigunetik (1.200 kamioi), Arragua-Lartzabal ingurutik (2.200 kamioi) eta Lanbarreneko industrialdearen eraginpeko bideetatik igarotzen da. Azterketak identifikatutako 71 ibilbide nagusiek erakusten dute gaur egungo errepide-sareak garraio mugimendu handia duela eta hainbat puntutan saturazio-egoerak sortzen direla. 


Diagnostikoaren oinarrian dauden datuak Lezo eta Oiartzungo industriaguneetan dauden tamaina handiko 115 enpresei egin dizkie beren kamioi-mugimenduak ezagutzeko, eta emaitzak tokiko informazioarekin (udaltzainekin eta tokiko teknikariekin elkarrizketak egin dituzte ingeniariek) eta Foru Aldundiaren datuekin alderatu dira emaitzak. 

 

 


Herritarren ongizatean eta enpresen jardunean eragina


Azterlanaren ondorioetako batek erakusten du arazoa ez dela kamioi kopurua bakarrik, baizik eta garraio astunak eta ibilgailu arinek korridore berak partekatzea. Egoera horrek eragina du bide-segurtasunean, airearen kalitatean, zaratan, herriguneetako bizigarritasunean eta baita enpresen jardunean ere. Izan ere, inkestatutako enpresen %61ek adierazi dute garraioarekin lotutako arazoek zuzenean eragiten dietela beren eguneroko jarduerari eta lehiakortasunari. 


Diagnostikoaren arabera, bereziki kezkagarriak dira Lezoko herrigunean eta Arragua-Lartzabal inguruan sortzen diren egoerak, non bizigarritasunaren atalaseak gaindituta dauden. Horrez gain, GI-636 errepideak eskualdeko garraio astunaren zati handi bat hartzen du bere gain, eta Lanbarrenek garraioaren eragile nagusietako bat izaten jarraitzen du. 

 


 

Kostu-onura handieneko eta kalte-eragin txikieneko esku-hartze proposamena


Oarsoaldeko lau udalek Aldundiari egindako esku-hartze proposamenak ez du konponbide puntualik biltzen. Ikuspegi integralez eta jasangarriz egindako kostu-onura handieneko eta kalte-eragin txikieneko egiturazko proposamena da. Lan-ildo nagusiak dira:

  • Lanbarren industriaguneak A8 autobidera zuzeneko lotura izatea
  • Arragua-Lartzabalgo korapiloa arintzea, fluxuak berrantolatuz eta kamioien pasabidea murriztuz
  • Lezoko herrigunea eta harako sarbideak babestea, portuarekin eta industriaguneekin lotutako garraio astunarentzat aukera funtzionalak sortuz

 

 


Mahai politiko-tekniko bateratua sortzea

Jardunaldian nabarmendu denez, proposamen horiek ez dira azpiegitura erraldoien zain geratzeko planteamenduak. Aitzitik, faseka garatu daitezkeen neurriak dira, ingurumen-inpaktua gutxituz eta lehendik dagoen sarearen eraginkortasuna hobetuz. Horretarako, udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean jarduteko mahai politiko-tekniko bat eratzea ere proposatzen da, azterketak proposatu dituen soluziobideez zein horietatik abiatuta beste batzuez aritzeko foroa litzateke. 

 


 


Garraio-sistemaren eredu digitala

 

Diagnostikoaren datuetan oinarrituta, trafiko eredu digital nodal bat garatu da. Tresna digitala erakunde publikoentzat oso baliagarria izango da mahai gainean jartzen diren proposamenen simulazioak egiteko, kostu-onura ebaluatzeko eta esku-hartze ezberdinen elkarreragina ikusteko aukera ematen duelako.

 

 

Azterlanaren sustatzaileen arabera, Oarsoaldearen etorkizuneko garapen ekonomikoak eta herritarren ongizateak mugikortasun-eredu eraginkorrago baten beharra dute. Diagnostikoak lehen aldiz eskualde mailako ikuspegi bateratua eskaintzen du, eta datozen urteetan hartu beharreko erabakientzako oinarri teknikoa izatea du helburu. 


Oarsoaldea