OARSOALDEKO ESKOLA KIROLA, 2030 AGENDAREN ILDOTIK, DESPLAZAMENDU JASANGARRIEN ALDEKO APUSTU SENDOA

Badira jada hamabi urte, 2013-2014 denboralditik, Oarsoaldeko Eskola Kirola osatzen duten eragileek mugikortasun iraunkorreko eredu baten aldeko apustua egin zutela, gaurdaino, 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) duten konpromisoarekin lerrokatuz. 

Ekimen horrek jarduera fisikoa eta balioetan oinarritutako hezkuntza lantzea du helburu, desplazamendu arduratsuak eta ingurumena errespetatzen dutenak sustatuz

Helburuak argia izaten jarraitzen du: 800 parte-hartzaile baino gehiagoren eta haien familien joan-etorrien ingurumen-inpaktua murriztea, bizikletaren erabilera, oinezko lekualdaketak, garraio publikoa eta partekatutako autoa sustatuz. Estrategia hori bat dator 3. GJHrekin (Osasuna eta ongizatea), 11. GJHrekin (Hiri eta komunitate iraunkorrak) eta 13. GJHrekin (Klimaren aldeko ekintza), eta kontzientzia ekologikoa indartzen du kirolari gazteen eta haien inguruneko pertsonen artean.

Ikasturte bakoitzean, mugikortasun jasangarriarekiko konpromisoa saritzen da, desplazamendu horien aldeko apustu handiena egin duten nesken eta ikastetxeen ahalegina baloratzen duten sarien bidez. 2024-2025 ikasturtean, Oarsoaldeko eskola-kirolari lotutako desplazamenduen %45,18 modu jasangarrian egin ziren, hau da, ingurumena errespetatzen zuten 5.400 desplazamendu baino gehiago.

 

 

Lorpen hori Oarsoaldeko Eskola Kiroleko Mahaia osatzen duten, Kirolaisi XXIeko teknikariek, ikastetxeetako eskola kiroleko koordinatzaileek, Oarsoaldea Garapen Agentziako Eskola Kiroleko koordinatzaileak eta udaletako kirol teknikariek elkarrekin egindako lanaren emaitza da, eta eraldaketa hori bultzatu dute hezkuntzaren eta erantzukizun partekatuaren esparruan. Urrats, pedalkada eta bidaia partekatu bakoitzarekin, Oarsoaldeak mundu bidezkoago, jasangarriago, oparoago eta baketsuago batekiko konpromisoa indartzen du, kirola ekintza klimatikorako eta garapen komunitariorako tresna indartsua dela erakutsiz. 

Aurten, gainera, Eskola Kirolaren balioak inoiz baino ageriago jarri dira erdigunean, eta parte-hartze parekidea, elkarrenganako errespetua, jarduera hezigarriak, euskararen sustapena eta ingurumenaren jasangarritasuna oinarri dituzten egitasmoak babestu eta sustatzea lehentasun bihurtu da. Oarsoaldeko Eskola Kiroleko Mahaiak horretan dihardu. Finean, haurra erdigunean jartzeak adierazten baitu bidea zein den. 

Zentzu horretan, 2030 Agendak bidea markatzen du eta Oarsoaldeko Eskola Kirolak aurrera egiten jarraitzen du. Ekin erronkari, zaindu planeta eta gozatu bideaz!