Zure saltokia edo merkataritza berritu nahi duzu?
10.000 eurorainoko laguntzak eskura daude
Saltokia berritu, ekipamendu berria erosi, webgune bat sortu edo online salmenta martxan jarri nahi duten merkatariek laguntza ekonomikoak eskura dituzte. MEC 2026 programaren bidez, merkataritza-establezimenduek eta merkataritzarekin lotutako zerbitzuek egindako inbertsioen zati bat berreskuratu ahal izango dute.
Laguntzak autonomoei eta ETEei zuzenduta daude, baldin eta jarduera nagusia txikizkako merkataritza edo merkataritzarekin lotutako zerbitzuren bat bada. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 15era arte egongo da zabalik.
Zer hobekuntza sar daitezke laguntzan?
Programak negozio baten modernizazioarekin lotutako inbertsio ugari hartzen ditu barne.
Alde batetik, establezimendua bera hobetzeko egindako lanak lagundu daitezke:
berritze-obrak, energia-eraginkortasuna handitzeko neurriak, irisgarritasuna hobetzeko egokitzapenak, errotuluak, toldoak, altzariak, makineria, klimatizazio-sistemak edo segurtasun-ekipoak, besteak beste.
Bestetik, digitalizazioarekin lotutako inbertsioak ere laguntzen dira. Horien artean daude ordenagailuak, kudeaketa-programak, webguneak, online dendak, TPVak, kutxa erregistratzaileak edo balantza elektronikoak eta salmenta-prozesua errazten duten beste tresna teknologiko batzuk ezartzea.
Inbertsioaren erdia baino gehiago berreskuratzeko aukera
Dirulaguntzak inbertsioaren %40 estaltzen du oinarrian, baina ehuneko hori handitu egin daiteke hainbat baldintza betez gero. Esaterako, merkatari-elkarte bateko kide izateagatik, euskararen erabilera sustatzeagatik, berdintasun-neurriak izateagatik edo prestakuntza-programetan parte hartu izanagatik.
Kasu batzuetan, laguntzak inbertsioaren %52ra arte irits daitezke, eta establezimendu bakoitzak gehienez 10.000 euro jaso ahal izango ditu.
Dirulaguntzak, oro har, inbertsio onargarriaren %40 estaltzen du (BEZa kanpo). Hala ere, ehuneko hori handitu egin daiteke hainbat baldintza betez gero, eta kasu batzuetan laguntza inbertsioaren %52ra irits daiteke.
Puntu gehigarriak lortu ahal izango dituzte, besteak beste, merkatari-elkarte bateko kide diren establezimenduek, azpiegitura edo ekipamendua berritzeko inbertsioak egiten dituztenek edo energia-komunitate batean parte hartu dutenek.
Era berean, baloratuko dira merkataritza-sektorerako prestakuntza-programetan parte hartu izana (Merkabide, Retail Euskal Eskola edo Eus-commerce), emakumeen enplegu egonkorra sustatzea, berdintasun- edo adiskidetze-planak edukitzea, Kontsumobideko Arbitraje Sistemari atxikita egotea edo Berriz Enpresa programan parte hartu izana.
Antzinatasunak ere saria du: 10 urte baino gehiagoko ibilbidea duten establezimenduek puntu gehigarriak lor ditzakete. Gauza bera gertatzen da bezeroei euskaraz arreta ematen dieten merkatariekin, Bai Euskarari, Bikain edo Euskaraz Barra-Barra bezalako egiaztagirien bidez hori frogatzen badute.
Aukera paregabea inbertitu dutenentzat... eta egiteko asmoa dutenentzat ere
Laguntza hauek bereziki interesgarriak izan daitezke azken hilabeteetan lokala berritu dutenentzat edo datozen hilabeteetan inbertsioak egiteko asmoa dutenentzat.
Era berean, digitalizazioan urrats bat eman nahi duten negozioek ere aprobetxa dezakete aukera: webgune berria sortzeko, online salmenta martxan jartzeko edo kudeaketa-sistemak modernizatzeko.
Kontuan izan laguntza jaso dezaketen inbertsioak 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 15era bitartean egindakoak izan behar direla.
Eskaerak irailaren 15era arte
MEC 2026 laguntza-programa Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, eta eskaerak 2026ko irailaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira.
Merkataritza-sektorearentzat aukera interesgarria da egindako edo egitear dauden inbertsioen kostua murrizteko, saltokiak erakargarriagoak, eraginkorragoak eta lehiakorragoak izan daitezen.
Laguntza beharko bazenu edo zalantzak argitzeko
Oarsoaldea Garapen Agentzia
aapalategi@oarsoaldea.eus
943 494 129