FANDERIAKO ERROTA, IBAIAREN ETXEA

Los fines de semana y festivos se ofrecen visitas para conocer este edificio, testigo del pasado de Errenteria.

 

Nahiz eta Errenteriak azken urteetan hirigintza-birsorkuntza garrantzitsua jasan duen, herrian oraindik asko dira bere iragan industriala gogorarazten dizkiguten arrastoak. Dudarik gabe, aztarna hauetan garrantzitsuenetakoa Fanderiako Errota dugu. Izan ere, 1450. urtetik, industriaren etengabeko berritzearen adierazle argia izan da.

 

fanderia-1

500 urtetan zehar hainbat erabilera izan ditu eraikinak: burdinola izan zen lehenengo 200 urteetan, eta denboran zehar fanderia, irin-errota, irin-fabrika eta pentsu fabrika ere izan zen, mende honen hasieran ekipamendu publiko bihurtu den arte. Fanderiako Errotaren eboluzioaren ardatz nagusia Oiartzun ibaia izan da, bere uraren indarra erabili izan baita energia eragile gisa.

Hau guztia balioan jartzeko asmoz, joan den maiatzean “Fanderiako Errota – Ibaiaren Etxea”k bere ateak zabaldu zituen, alde batetik eraikin honek Errenteriako eta Euskal Herriako industrian izan duen garrantzia azpimarratzeko, burdina eta elikadurari lotua.

 

Fanderiako errota ezagutzeko bisitak:

Larunbat, igande eta jai egunetan dago irekita Fanderiako Errota, 10:00etatik 14:00etara, eta bisita gidatuak eskaintzen dira bertan. 20-30 minutuko bisita gidatuaren bidez ehotzearen mekanismoa eta errotarriak lanean ikusiko ditugu, errota eta gure kultur eta ibai-ondareari buruzko bi audiobisual eta hainbat informazio- panelez gain.

Larunbat, igande eta jai egunetan eskaintzen dira bisita gidatuak:

*10:00etan eta 12:00etan euskaraz eta

11:00etan eta 13:00etan gazteleraz.

Bisita gidatua egiteko ez da gutxieneko taldea eskatzen eta ez da beharrezkoa erreserba egitea.

Ordutegi honetatik kanpo ere eskaintzen dira bisitak taldeentzat. Bisita hauek ibaiaren interpretazio ibilbidearekin osatzen dira:

 

Ibaira hurbilduz:

Interpretazio ibilbide honek Fanderiako errotatik hasiz Oiartzun ibaira eramango gaitu, ondoren uraren kanala jarraituz, berriz errotara bueltatzeko. Ibilbideko protagonista nagusia ibaia eta ibai-ekosistema izango dira, eta errota izango da bertara hurbilarazteko elementua. Talde eta familientzako pentsatutako ibilbide gidatu honek ordu bete irauten du eta astelehenetik ostiralera eskaintzen da, jai egunetan izan ezik.

Ibaia aztertuz:

Azken ibilbide gidatu honetan, errotako kanaletik hasi eta Oiartzun ibaian zehar interpretazio ibilbidea egingo dugu: uraren kalitatea, antropizazioa (ingurunean gizakiak izandako eragina), flora eta fauna aztertuz. Eskola taldeentzako aproposa den ibilbide gidatu honek 90 minutu irauten du eta astelehenetik ostiralera eskaintzen da, jai egunetan izan ezik.

Kasu guztietan, bisita gidatuak doan eskaintzen dira. Taldeen kasuan beharrezkoa da aldez aurretik erreserba egitea.

 

 

 

fanderia-2

Ikusi kokapena hemen

Dolores Ibarruri Zumardia, z/g
20100 Errenteria

 

Informazio gehiago eta erreserbak

Eskualdeko Turismo Bulegoa Errenterian

943 494 521

turismoa@oarsoaldea.eus

www.oarsoaldeaturismoa.eus

 

 

 

 

 


Oarsoaldea