E-DON BOSCO proiektua, mugikortasun adimentsuaren (Smart Mobility) eremuan prototipo esperimentala, abian jarriko da

E-DON BOSCO elektromugikortasunaren eremuan sortu eta esperimentatzeko eratu da. Hori energia elektrikoa metatzeko eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko orduan, kudeaketa adimentsuaren aukera berria da. Eguzki energiaz elikatutako prototipo eskalaragarria eta errepikagarria da. Horri esker, esperimenta daiteke, eta bateria konbentzionaletan eta ekonomia zirkularraren bitartez jasangarritasuna sustatzen duten auto elektrikoek erabilitako baterietan (second life) errendimenduak aldera daitezke. Horrez gain, showrooma da Don Boscoko eta beste ikastetxe batzuetako irakasle eta ikasleen esku, baita eskualdean profil teknikoa duten enpresa eta pertsonen esku ere, elektromugikortasunaren eta energia berriztagarrien arloan prestatu eta esperimentatzeko.
Proiektua gaur aurkeztu da Don Bosco Lanbide Heziketako ikastetxean, eta gure eskualdeko nahiz lurraldeko zenbait eragilek elkarlanean gauzatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker.  Lortek S.Coop. erakundeak (zentro teknologikoa), CIFP Don Bosco LHIIk (esperimentaziorako erakunde eskuduna eta agertokia), Irulezo SL enpresak (sistema elektrikoak txertatzeko enpresa) nahiz Oarsoaldea SAk (eskualdeko garapen agentzia) eta Saltoki SAk (enpresa hornitzailea) sustatu dute.
Ekitaldian hitza hartu zuten honako erakunde hauetako ordezkariek: Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Iñaki Ansa Don Boscoko zuzendari operatiboak, Miguel Angel Sánchez Oarsoaldeako presidenteak eta Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuak. Esku-hartzeen ondoren, Irulezoko María Gancheguiren eta Enfasysko Nixén Fernándezen eskutik, prototipoa ulertu eta haren funtzionamendua ikusi genuen.
Bere hitzetan Aizpea Otaegik azaldutakoari jarraikiz, E-DON BOSCO proiektuak ikusgai uzten du eragileen arteko elkarlanaren garrantzia. Horrez gain, adibide modura har daiteke lankidetzan proiektu berritzaileak aktibatze aldera nola egitura daitezkeen sareak eta harremanak ikusteko.  Bereziki azpimarratu zuen gure eskualdean berrikuntza sustatzeko Don Boscoren zeregina. Ildo beretik hitz egin zuten Don Boscoko ordezkariek. Prototipoa lanbide heziketako ikastetxe batean dagoenez, berrikuntza eta ezagutza transferitzeko ekosisteman esperimentatu ahal izango da. Benetako eta eguneroko testuinguruan esperimentatuko da. Haien esanetan, proiektu irekia da, ezagutza hezkuntza- eta enpresa-sistemaren eta etorkizunaren esku jarriko baita, jasangarritasuna baitu hizpide (ekonomia zirkularra, energia berriztagarriak, mugikortasun adimentsua). Era berean, etorkizuneko profesionalak prestatzeak hezkuntza-eredua, metodologiak eta tresnak eraldatzeko eta gure enpresak eraldatze aldera adimen irekia izateko eskatzen du. Gure Lanbide Heziketa aldaketa horretan murgilduta dago eta E-Don Bosco bezalako proiektuak horren barruan daude.
Bestalde, Miguel Angel Sánchez Oarsoaldea Garapen Agentziako presidenteak agentziaren zereginaz hitz egin zuen. Bitarteko agente fazilitadorea da, eskualdeko eta lurraldeko eragileak elkartzen ditu eta eskualderako proiektu berritzaileei aurre egiteko harremanak sustatzen ditu.
Halaber, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuak parte hartu zuen. Hark azpimarratutakoaren arabera, oso garrantzitsua da Etorkizuna Eraikiz hausnarketa-gunea. Izan ere, Gipuzkoak ekonomia indartsua izaten jarraitzeko eraldaketa du aztergai, bide batez, gure ongizatea mantenduko baita. Eraldaketa horren barruan bi elementu nagusi daude:
- Mugikortasun adimentsua eta jasangarria, non Mubilek hedatzen duen mugikortasun berriaren estrategia.
- Esperimentazio-guneak, ikasteko eta, gero, eragileak gaitzeko etorkizuna eraiki dezaten.
E-Don Bosco proiektua Etorkizuna Eraikiz estrategiarekin lerrokatzeko adibide bat da.