OSPEL FILM LABURRA SARITU DU MINTZAGUN SARIAK

“Ospel” film laburrak irabazi du euskarazko film-labur onenaren aurtengo Mintzagun saria.


Oarsoaldeko sei euskaltegietako berrehundik gora ikaslek euren botoez erabaki dute film sariduna.


Azaroaren 10ean eta 17an, Errenteriako Niessen kulturguneko aretoan eta Trintxerpeko alkateordetzaren aretoan egin ziren emanaldi bateratuetan eman zuten bozka euskaltegietako ikasleek. Emanaldi horietara joaterik izan ez zuten ikasleek, berriz, euskaltegietan ikusi dituzte filmak.


Sariduna erabakitzeko emanaldi horiez gain, aurten, lehen aldikoz, herritarrei irekitako bi emanaldi ere egin dira; Oiartzunen bata, eta Lezon, bestea.


Joan zen larunbatean Ikuska Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakustaldiaren sari emate ekitaldia egin zen Trintxerpeko alkateordetzaren aretoan. Ekitaldi hartan jaso zuen saria Yara Gonzalez produkzio arduradunak, Nahikari Otermin Pasaiako euskara zinegotziaren eskutik.


Mintzagun saria urtero eskualdeko sei euskaltegiek eta Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolatu ohi dute Ikuska erakustaldiaren testuinguruan. Mintzagun sariaren helburu nagusia euskarazko sorkuntzei ahalik eta ibilbide luzeena eta oparoena ahalbidetzea da, ahalik eta ikusle gehien izatea, alegia. Gure zine sortzaileek euskaraz sortzen jarrai dezaten, besteak beste.